Trilogiaren proba gorena
Ehunmilak ultra-trailaren XI. edizioa uztailaren 8tik 10era jokatuko da .Hiru eskualde eta 30 udalerri zeharkatuko ditu 168 kilometroan .Lehia irekia espero da emakumezkoetan
Ehunmilen trilogiako lasterketarik gogor eta luzeena da Ehunmilak ultra-traila. 168 kilometro da luze, eta 11.000 metroko gorakako desnibela du. Beasaingo Loinazko San Martin plazan du abiapuntu eta helmuga, eta denera Goierriko, Urola-Kostako eta Tolosaldeko 30 udalerri zeharkatzen ditu. Aurten uztailaren 8tik 10era jokatuko da. Lasterkariak 18:00etan abiatuko dira, eta 48 ordu dituzte gehienez ibilbidea osatzeko. Bada zerbait, edo zerbait baino gehiago.
Orain hiru urteko azken edizioan dortsal guztiak agortu ziren probaren historian lehen aldiz –515 guztira–, baina aurten ez da halakorik: 495 mendi lasterkari lehiatuko dira, 470 gizonezkoa eta 25 emakumezko. Izen-ematea zabaldu zenean, azaroan, dena bete zen, baina gero bajak egon dira, eta itxarote-zerrenda 133 korrikalari egon arren, ez da lortu betetzea arrazoi ezberdinak tarteko. Baja gehienak apirilean izan dira.
Korrikalari nabarmenenak
Kirolariei erreparatuta, Jon Aizpurua beasaindarrak ez duela parte hartuko da daturik esanguratsuena. Azken edizioko irabazlea da, eta probaren errekorraren jabea (22:21:54, 2019an egina). Aurten Goierriko Bi Handietan lehiatuko da. Beste beasaindar bat ere kale egingo du aurten Ehunmiletan. Unai Dorronsoro (2019an 3. sailkatua) Marimurumendin arituko da. Beasainen izango dena Javi Dominguez gasteiztarra da, Ehunmiletan bost aldiz txapela jantzitakoa. Bera da irabazteko hautagai nagusia, ustekaberako tarte gutxi uzten baitu. Igon Manzisidor, Felipe Artigue, Eneko Garde, Ander Erice eta Sergio Luis Tejero dira antolatzaileen kinieletan daude izenetako batzuk.
Emakumezkoetan lehia irekiagoa izatea espero dute antolatzaileek. Ewa Majer poloniarra, azken irabazlea eta errekorraren jabea (27:41:47, 2019an), ez da Beasainen izango aurten, eta horrek irabazteko aukerak zabaltzen dizkie gainontzeko korrikalarie. Elena Calvillo beasaindarra eta Jaione Sasieta itsasoarra (2.a eta 3.a 2019an) lehian izango dira, baita Leire Martinez santurtziarra (2016an G2Hko irabazle), Elixabete Ursua irundarra (bigarren G2Hn 2019an) eta Oihane Perez gernikarra ere (MMMko irabazle 2019an).
Gau bat edo bi mendian
Distantzia luzeko ultra-trail guztietan bezala, gutxienez gau bat mendian pasatu beharko dute korrikalariek, eta kasu askotan, baita bi ere. Beasaindik aterata, mutilezkoen azkarrena gauez iritsiko da Madarixara (43. km), Hernioko igoera ere hala egin beharko du (66 km), eta Amezketara egunsentian iritsiko da (96 km.), lan erdiak baino gehiago eginda.
Hortik aurrera, Goierriko Bi Handien ibilbide bera egin beharko dute Ehunmiletako lasterkariek Aralar (Uarrainen dago 108. km), Lizarrusti (116 km.), Etzegarate (130. km), San Adrian (139 km), Oazurtza (148 km), Mutiloa (158 km) zeharkatu ondoren, Beasainera iristeko. Lehen mutila 16:20 aldera helmugan izatea espero da.
Lasterketa buruan ibiliko diren emakumezkoen erreferentziak dira beste batzuk dira. Helmugara iristen lehena larunbat gauez iritsiko litzateke. Ewa Majer 21:40ak aldera sartu zen helmugan 2019an. Korrikalari askok bi gau emango beharko dituzte lehian igandeko 18:00ak baino lehen helmugan izateko.
Calvillo, bosgarren aldiz
Parte hartu duen aurreko lau edizioetan beti bigarren postuan sailkatu eta gero, bosgarren aldiz parte hartuko du Ehunmiletan Elena Calvillok (Ordizia, 1970). Pandemiaren eraginez eta amaren gaixotasuna dela eta, lasterketa gutxitan lehiatu da azken bi urteotan, baina kirola egiteari ez dio utzi. Aurten bi lasterketa luzetan parte hartzeko helburua jarri zion bere buruari. Martxoan Ultra-Bandoleros egin du Cadizen, eta aste honetan Ehunmilak egingo du .
«Gogoz eta ilusioarekin nago, beste urte batez bukatzeko asmoarekin eta nire denboretan ibiltzeko asmoarekin ere bai. Ea hortxe ibiltzen naizen, eta gai naizen denbora horietan ibiltzeko, ilusio horrekin nago», nabarmendu du. Irabaztea gustatuko litzaiokeen galdetuta, erantzun argia du: «Ilusio gehiago egiten dit 30 ordu horien bueltan ibiltzea. Podiumean sartzea gero eta zailagoa da, jende oso ona datorrelako. Ni ere adinean aurrera noa, 52 urte dauzkat. Forma puntu horri eustea da ilusio gehien egiten didana».
Entrenamendua ere aldatu du Calvillok. Lanera joan aurretik Usurbe-Murumendi bidea egiteko ohitura hartu du, asteburuetan ibilbide luzeagoak egiten ditu, eta aspaldiko partez martxak egiten ari da. «Gaueko saiorik ez dut egin. Frontala jarri eta aurrera, ez dago besterik. Hori bai, bigarren gaua ahalik eta motzena izatea nahi nuke». Ez da etxeko bakarra izango lehian. Haritz Mujika seme zaharrena G2Hn aterako da, eta Aitor gazteena Marimurumendin. «Ilusio berezia egiten dik horrek ere».
Sasietarentzat, azkenekoa
Jaione Sasieta (Itsaso, 1970) Ehunmilak probako beteranoenetako bat da. Zazpi aldiz parte hartu du, eta batean ez beste guztien podiumean izan da. Behin txapela jantzitakoa da gainera, 2015ean. «Bi urte arraro hauen ondoren, eta berriz ere egingo zela ikusita, animatu egin naiz. Faltan sentitzen nuen. Egiteko kapritxoa daukat, eta ea zer ateratzen den».
Aurten ez du beste lasterketarik korritu. «Ez dakit nola sentituko naizen egia esan. Dakidan bakarra da urteko karrera bakarra izango dela, eta egingo dudan azkena. Askotan korritu dut, eta bada garaia uzteko. Urteetan ere aurrera noa, eta horixe». Ez du uste podiumera igotzeko adinako lasterketarik egingo duenik. «Helburua bukatzea da, horrekin nahikoa. Ondo bukatuz gero konformatzen naiz».
495
Mendi lasterkari
Ehunmilen 11. edizio honetan ez dira dortsal guztiak agortu. Hasiera batean bai, baina gero bajak egon ziren, eta itxarote-zerrendatik tira eginda ere ez dira dortsal guztiak bete. 2019koa izan da 515 dortsalak agortu diren bakarra. 470 gizonezkoak dira, eta 25 emakumezkoak –26 izan ziren 2019ko edizioan–.
Euskal herritarrak. Euskal herritar kopuruak bere horretan jarraitzen du –216 gizonezko eta 14 emakumezko (2019an 234)–. Gipuzkoakoak dira 119 –horietatik 31 goierritarrak–, Bizkaikoak 71, Arabakoak 22 eta 18 Nafarroakoak.
Estatu mailakoak. Espainiako estatutik 248 korrikalari datoz –238 gizonezko eta 10 emakumezko (2019an 234)–. Herrialde Katalanetakoak dira gehienak, 95: Alacant (19), Bartzelona (33), Balear Uharteak (7), Castello (7), Girona (6), Lleida (4), Tarragona (7) eta Valentzia (19). Madril (28), Zaragoza (15), Asturias(12), eta Burgos eta Kantabria (10na) dira kopuruz nabarmentzekoak.
Estatuz kanpokoak. Guztira 17 izango dira–16 gizonezko eta emakumezko bat (2019an 48)–. Portugal (7), Frantzia (3), AEBak eta Erresuma Batua (2na) eta Herbereak eta Polonia (bana).