Zumarragako Udalak hobekuntzak egin ditu Ispilla kiroldegian
Gimnasioko zorua berritu du. Udalak kirol zerbitzuen inguruko webgunea prestatzen ari da. Abuztu erdialdean kiroldegia itxiko dute mantenu lanak egiteko
Zumarragako Udalak hainbat hobekuntza egin ditu Ispilla kiroldegian. Garrantzitsuenak gimnasioan egin dira. Gimnasioko zorua egoera txarrean zegoen eta berria jarri dute. Inbertsioa 20.000 eurokoa izan da. Horretaz gain, makina, ispilu, haltera, banku eta barra berriak jarri dituzte. Inbertsioa 18.000 eurokoa izan da.
Bestalde, Zumarragako Udalak bi kamera jarri ditu kiroldegian eta Argixaon, bertan jokatzen diren partidak Internetez eman ahal izateko. Gainera, kirolarien errendimenduaren inguruko datuak jasotzea ahalbidetuko dute. Inbertsioa 18.000 eurokoa izan da.
Higiene plana
Gainera, higiene plan bat egin da eta paper eta xaboi banagailuak kendu dira kontsumoa murrizteko, higienea hobetzeko eta material jasangarriagoak erabiltzeko. Bukatzeko, ur bero sanitarioaren hoditeria aldatu da. Legionelosia ekiditeko ur hori 70ºtara egon behar da eta PVC materialez egindako hodietan ihesak egoten ziren. Altzairuzkoak jarri dira. Aurrekontua 9.500 eurokoa izan da.
Horretaz gain, udala kirol zerbitzuei buruzko webgunea prestatzen ari da. Eskaintza ezagutzera emateko, kiroldegiko bazkide egiteko, ekintzetan izena emateko eta instalazioak erreserbatzeko balioko du. Aurrekontua 7.000 eurokoa da.
Urtero bezala, abuztu erdialdean kiroldegia itxiko dute mantenu lanak egiteko. Igerilekua hustuko dute, garbitzeko. Bi iragazkietako bat konponduko dute eta harearen ordez beira erabiliko dute, iragazketa hobetzeko. Aurrekontua 4.000 eurokoa da. Egun horietan pintaketa lanak ere egingo dira.
Azkenik, 2022ko bigarren seihilekoan tatamia berrituko da.