Altamira auzoko jaiak ospatuko dituzte gaur hasi eta igandera arte
Gaur arratsaldeko 17:00etan botako dute festen hasierako suziria. Hiru egunetarako egitarau betea antolatu du jai batzordeak. Igandean 21:00etan, sardinaren hiletarekin amaituko dira jaiak
Gaur arratsaldean hasiko dira Ordiziako Altamira auzoko jaiak. 17:00etan botako dute suziria eta horrekin batera lehertuko da festa. Altamirako jai batzordeko kideak, festak hasteko «gogotsu» daude eta igandera bitartean jaiez gozatzera inguratzeko gonbita luzatu dute.
Urte askotan ospatu gabe egon ondoren, duela «12 bat urte» berreskuratu zituen gaur egungo jai batzordeak. Helburu zehatz batekin egin zuten, «txikitako oroitzapen onak berreskuratu, eta aspaldiko jai haien tankerako festak antolatzea». 20 eta 40 urte bitarteko jendeak parte hartzen du antolakuntzan, auzoan jaiotakoak denak.
Egitarauak ez du berrikuntza askorik. Gaur, apar festa, futbolin txapelketa, buruhandiak, jubilatuentzako lunch-a, elektrotuna eta karaokea izango dira.
Bihar, larunbata, umeen krosarekin hasiko dira eta marrazki lehiaketa ere egingo dute goizean zehar. Mus txapelketan izango da aldaketa bat, Alai tabernan egingo baitute. Nabarmentzekoa ere, mozorro eguna izango dela larunbata eta 23:00etan, mozorro lehiaketa egingo dutela. Gaia librea da.
Igandea, lasai joango da. 19:30ean hasita, DJ Monky Man eta Ekirock-ek girotuko dituzte azken orduak, eta 21:00etan sardinaren hileta egingo dute.
Txosnarik ez
Egitarauaren aldetik aurreko urtekoen antzekoa izango da, baina izango da nobedade bat, zeren aurten, jai batzordeak ez du txosnarik ipiniko. Antza denez, boluntario talde handiagoa beharko lukete txosna zerbitzua emateko. Horregatik, datorren urteetara begira, bizilagunak animatu nahi dituzte auzoko festen antolakuntzan eta ekintzetan parte hartzera. Ohiko txosnarik ez da egongo baina Altamirako bizilagunen elkarteak barra txiki bat ipiniko du.