Ataungo ondarean zehar ibilian
Gau Ibilaldi Mitologikoa bihar egingo du Jentilbaratza elkarteak. Antzinako kondaira bat zazpi gunetan antzeztuko dute. Bi txandatan banatuta, 1.200 lagun bilduko dira
Bizi mitologia Ataunen esapidearekin aurkeztu zuen Jentilbaratza kultur elkarteak V. Mitoaldia. Esaldi komertzial hutsetik harago, esperientzia benetan bizitzeko modua eskainiko dute. Bederatzigarren aldiz, Gau Ibilaldi Mitologikoa bihar egingo dute, 2019tik lehen aldiz. Mitoaldiko egitaraua bukatuko du.
Jendetza espero dute Ataunen, beste behin; 1.200 bat lagun. Ohi bezala, ibiltariak bi txandatan bereiziko dituzte. 20:00etan abiatuko da lehen uholdea, 20:30ean bigarrena. Bakoitzean 600na lagun sartuko dituzte. «Eskaera eta kontsulta askoz gehiago jaso ditugu. Jendea gogoz dago», dio Jentilbaratzeko Mikel Egigurenek.
Gau Ibilaldi Mitologikoa San Gregorio auzoko Barandiaran Museotik San Martin auzoko plazara egingo dute. Bisitariei autoa San Martinen uzteko gomendatu diete antolatzaileek, eta etengabe ibiliko diren autobusetan San Gregoriora igotzeko. Hala, ibilaldia bukatutakoan, bertan izango dute ibilgailua.
Zazpi antzerki gune
Hiru bat orduko ibilaldia izango da, herribide zaharrean. Egun argitan abiatuko dira, eta ilun beltzean bukatu. «Egunetik gauerako aldaketak xarma izan ohi du. Zuziak emango dizkiegu ibiltariei, eta kutsu magikoa hartzen du. Umeentzat ere miragarria izaten da; beldurrezkoa ez da, baina badu misterio puntu bat. Gurasoei heldu-heldu eginda joaten dira asko».
Mitologiaren erraietan barneratuko baitira bisitariak, 150 bat ataundarrek prestatutako agertoki, kontakizun eta antzerkiak ikusiz. Denera zazpi antzerki egingo dituzte: hasieran, bidean bost, eta San Martingo plazan bukaerako nagusia. Denek lotura daukate elkarrekin. Jon Aizpuruak idatzi du gidoia.
Antzinako euskal leienda zahar bat izango da argumentu-haria, Aralarrekin eta Nafarroarekin lotutakoa. Izaki mitologikoak tartekatzeko «lizentzia» ere hartu dute. Istorio nagusitik aparte, Joxe Migel Barandiaran «erreferentearen» bizitzako pasarte bat ere izango da.
Irteeran eta bukaeran mokadu bat zerbitzatuko dute. Museoa 18:00etan irekiko dute, ikusteko.