Baserria eta kalea gertu
Goierrin ere ospatuko da 'Ongi etorri baserrira' ekimenaren 7. edizioa, gaur eta bihar. Baserri munduaren eta hiriaren artean zubiak eraikitzeko jarri zuen martxan ENBAk ekimena 2014an
Ongi etorri baserrira ekimenaren 7. edizioa ospatuko da gaur eta bihar, ENBA sindikatuak antolatuta. Gipuzkoako eta Bizkaiko 30 baserritarrek euren baserrietako ateak irekiko dituzte, ukuiluak, baratzak eta landaguneak ezagutzera emateko. Tartean, Goierriko 5 herritako ustiategik parte hartuko dute egitasmoan. 2014an jarri zuen martxan ENBAk ekimena, baserri mundua eta hiriaren arteko zubi izateko helburuarekin. 2019an egin zen azkena, 6. edizioa, eta aurten berriro ere heldu diote.
Bertako elikagaien eta landagunearen balioa erakusteko, bertako turismoa sustatzeko eta herri gastronomia goratzeko ekimena da Ongi etorri baserrira. Baserriak bisitatu ondoren, produktu dastaketa egingo da. Aurrez izena eman dutenek bakarrik parte hartu dezakete. Goierrin, Irantzuaga, Ariztizabal eta Txirbil, Beltzulegi, Arramendi, eta Olabide eta Ondramuño ustiategiek irekiko dituzte haien ateak kaletarrentzat.
Errealitatea jendarteratzea
Valoniako (Belgika) Fermes Ouvertes ekimenean oinarritu zen sindikatua ekimena martxan jartzeko. Baserritarrek egiten duten lana eta haien bizimodua jendarteratzea eta baserriaren errealitatea ikusaraztea da helburu nagusia, baserritarren eta kaletarren arteko zubiak eraikiz.