Dortsalak korrikalarien esku egonda hasi da Ehunmiletako festa
Aurreneko korrikalariek hartu dute dortsala. Herriko ostalari eta hotelentzat asteburu «berezia» da. Inguruko hoteletan ere bezeroen joan etorria ohi baino handiagoa zen. Igartzako hotelean, adibidez, ez dago gelarik libre asteburu osoan. Tabernariek ere lan asko izango dute asteburuan eta dena prestatzen aritu ziren atzo.GOIERRIKO HITZAk gaurko irteerak zuzenean eskainiko ditu webgunean
Ehunmilak trilogiako lehen lasterketa gaur 18:00etan abiatuko da, baina aurretik ere hasia zen mugimendua. Atzo, esaterako, irteera eta helmuga marra muntatzen aritu ziren Loinazko San Martin plazan eta kaleak lasterketako ikurrekin apaindu zituzten.
Inguruko hoteletan ere bezeroen joan etorria ohi baino handiagoa zen. Igartzako hotelean, adibidez, ez dago gelarik libre asteburu osoan.
Tabernariek ere lan asko izango dute asteburuan eta dena prestatzen aritu ziren atzo. Plazape tabernako langileek aitortu dute asteburu «berezia» dela, «plus bat delako». Lan gehiago, baina diru sarrerak ere bai. «Azken urteak gogorrak izan dira eta behar ditugu halakoak arnasa hartzeko», zehaztu dute. Gainera, Plazape taberna festaren erdi- erdian dago. «Ordutegia ez dugu aldatzen. 07:00etarako hasten gara lanean eta 22:00ak aldera itxi egiten dugu. Bitartean, jendearen joan etorria etengabea da», azaldu dute. G2Hko irteerari ez diote itxaroten, eguna luze egiten zaielako eta leher eginda amaitzen dutelako.
Tabernarien lasterketa atzo hasi zen, pintxopotearekin. Ohiko legez, jendetza elkartu zen erdigunean.
Dortsalak, banatuta
Dortsalak ere banatu dituzte ja. Lehendabizikoak bai behintzat, gaur ere dortsalak jasotzeko aukera egon badagoelako, frontoi txikian.
Korrikalarien artean ilusioa bistakoa zen. «Aste osoa daramat urduri. Hasteko gogoz nago», esan zuen Manolo Mollek. Goierriko Bi Handietan parte hartuko du, bigarren aldiz. «Aurrekoa 2018an izan zen, ekaitzagatik bertan behera gelditu zen edizioa». Horregatik, helburua argi du. «Amaitu egin nahi dut eta arantza atera». Gainera, Euskal Herrian korrika egitea maite duela dio. «Mendia desberdin bizi da hemen. Eta antolakuntza hamarrekoa da» 1.000 korrikalaritik gora lehiatuko dira hiru lasterketetan batera, baina azken orduko baja batzuk izan dira COVID-aren ondorioz.
Udaltzaingoak ohartarazi du auto-ilarak sor daitezkeela herrigunean lasterketengatik. Arretaz eta pazientziaz gidatzeko eskatu dute. Halaber, trafikoa koordinatzen izango diren boluntarioak eta seinaleak errespetatzeko eskatu dute.
EHMko eta G2Hko irteerak, Goierriko Hitzan zuzenean
Goierriko Hitzak Ehunmiletako eta Goierriko Bi Handietako irteerak zuzenean eskainiko du bere webgunean. 17:50ean hasiko dira igortzen, korrikalariak abiatu baina hamar minutu lehenago. Hiru proben jarraipen luze-zabala egingo du Hitzak asteburu osoan zehar, webgunean eta sare sozialetan. Astearteko egunkarian sailkapenak, adierazpenak, argazkiak… jasoko ditu.