«Nazioartean oihartzun handia dute Ehunmilek»
Bruno Miguel Maia (Lisboa, Portugal, 1975) kazetari eta korrikalariak Goierriko Bi Handiak lasterketan parte hartuko du ‘Pro Runners Magazine’ aldizkari portugaldarrak gonbidatuta.
Nazioarteko 24 lasterkarik hartuko dute parte hiru probak kontuan hartuta. Horietako bat izango da Bruno Maia. Lehen ediziotik portugaldar ugari erakarri ditu Ehunmilak probak. Haiez gainera, nazionalitate ugaritako partaideak biltzen dituzte hiru lasterketek eta horixe nabarmendu du Bruno Maia Lisboako lasterkariak: probek nazioartean duten oihartzuna.
2020ko konfinamenduan zehar ezagun egin zen Maia. Etxetik atera gabe, korrika egiteko zintan, zazpi maratoi osatu zituen zazpi egunetan jarraian. Gerora, lasterketetan ere postu onak lortu izan ditu, tartean Pt281+ Ultra-maratoiean garaile izan zen. Halere, Goierriko Bi Handiak lasterketan helburu bakarra «gozatzea» izango du.
Goierriko Bi Handiak proban hartuko duzu parte, 88 kilometroko lasterketan. Zerekin topo egitea espero duzu?
Egia esan, ez dakit, baina ezagutzeko gogo handia daukat. Aurreko edizioetako zenbait bideo ikusten aritu naiz ibilbidea gutxi gorabehera ezagutzeko.
Eta zer iruditu zaizu ikusitakoa?
Harri asko dagoela iruditu zait, zati tekniko ugari. Gainera, igoerak eta jaitsierak tartekatzen dira etengabe, lasterketa gogorra izango dela uste dut.
Ibilbideaz gain, lasterketako giroaz eta zalegoaz zerbait esan al dizute?
Bideoetan ikusi dudanarengatik, sekulako giroa egoten da lasterketa osoan zehar. Ibilbidea zein giroa, biengatik dut bertan parte hartzeko irrika handia.
Euskal Herria ezagutzen al duzu edo parte hartu al duzu bertako lasterketaren batean?
Ez, lehenengo aldia izango dut Euskal Herrian.
Ehunmilak probaren lehenengo edizioetatik portugaldar ugari izan dira partaideen artean. Zergatik uste duzu erakartzen dituela lasterketa honek?
Nire ustez, erakargarriena ingurunea da. Lasterketa gune zoragarri batean egiten da eta horrek deitzen du lasterkarien arreta. Probak eta ibilbideak ere, noski, beren garrantzia dute eta horrek ere erakartzen ditu korrikalariak.
Ezagutzen al dira proba hauek nazioartean?
Bai, noski. Ehunmilak nazioartean oihartzun handia duen ekitaldia da.
Zure helburua zein izango da Goierriko Bi Handiak lasterketan?
Helburu nagusia gustatzen zaidana eginez gozatzea izango da. Ahalik eta lasterketa onena egiten saiatuko naiz, baina sailkapeneko helbururik ez dut jarri nahi. Ikusiko da zer egiteko gai naizen.
Distantzia luzeetara ohituta zaude, baina ibilbidea ez ezagutzeak beldurrik ematen al dizu?
Beldurrik ez dit ematen ez ibilbideak ez distantziak, baina errespetu handia bai.
Zer moduz joan da prestakuntza? Korrika egiteaz gainera, psikologia edo elikadura bezalakoak ere zaindu beharko dira ezta?
Prestakuntza ondo joan da. Bai, alderdi guztiak zaindu behar dira. Proba askotan hartu dut parte, eta horietan pilatu dudan esperientziak asko lagundu dit. Esperientzia horri esker zaintzen ditut alor guztiak.
‘Pro Runners Magazine’-ko ordezkari gisa hartuko duzu parte. Nolatan aukera hori?
Pro Runners aldizkariak lasterketan parte hartzeko gonbita egin zidan. Ez nuen horrelakorik espero, ez bainaiz ospe handiko lasterkaria, eta noski, ez nuen zalantzarik izan baiezkoa emateko orduan.
Ospe handiko lasterkaria ez zarela diozu, baina zenbait ohorezko postu lortu dituzu.
Bai, tartean iaz Pt281+ 280 kilometroko ultra-maratoiean lortutako garaipena azpimarratuko nuke. Bestetik, bigarren postua eskuratu nuen Linhas de Torres Running Challenge 100 kilometroko lasterketan eta zazpigarren izan nintzen Algarveko ALUT 300 kilometroko proban.
Horiez gainera, konfinamenduan osatutako erronka batek ere egin zintuen ezagun.
Bai, burutik pasa zitzaidan erokeria bat izan zen. Zerbait desberdina egin nahi izan nuen eta horregatik ekin nion erronkari. Zazpi egunetan jarraian zazpi maratoi egin nituen korrika egiteko zintan.
Zu ere kazetaria zara. Goierriko Bi Handiak proba amaitzean zein da ‘Pro Runner’s aldizkarian idatzi nahiko zenukeen albistea?
Besterik gabe, lasterketa ezagutzera eman nahiko nuke. Ibilbidea, ingurunea, zaleak eta antolakuntza; guztia goraipatzen duen artikulu bat idatzi nahiko nuke; are gehiago esango nuke, seguru nago horrelako zerbait idatziko dudala.