Dominguez: "Espero baino hobeto sentitu naiz"
Javi Dominguezek seigarren aldiz altsa ditu eskuak Ehunmiletako helmugan. Zalantzak zituela esan du, baina hasi eta buka izan da buruan
Ehunmilak Javi Dominguezen erreinua dira. Sei bider irabazi du ultra traila. “Tira, iraganak lagundu egiten du”, aipatu du lasterketa bukatu bezain pronto. 23 ordutan amaitu du, doi doi. “23 orduren buruan ibiltzeko asmoa nuen”, aitortu du. “Ongi sentitu naiz. Bi urteko geldialdiaren ondoren ez nekien argi nire sasoia zer moduzkoa zen. Espero baino hobeto sentitu naiz. Oso pozik, beraz”.
Behin eta berriz etortzeko, lasterketak zerbait izan behar. “Txindokira igotzea opari bat da, egia esan. Txalaparta, eguraldi bikaina, animaliak, larreak… liluragarria da”. Horrenbeste edertasunekin, deskuidu bat ere izan du. bidetik atera da. “Ezer larririk ez”, kendu dio garrantzia.