Egea: "Bazen garaia ultra bat horrela bukatzeko"
Aritz Egeak Goierriko Bi Handiak lasterketa nagusitasun handiarekin irabazi du. Bigarren sailkatuari hamazazpi minutu sartu dizkio eta errekorra hamar minututan hobetu du. "Bakarrik geratu naizenean estutzeko motibazioa horixe zen"
Aritz Egea Goierriko Bi Handiak lasterketan jaun eta jabe izan da. Goar Lopetegi bigarren sailkatuari hamazazpi minutu sartu dizkio eta Ion Azpirozen errekorra hamar minututan hobetu du. Are gehiago, hamar orduren azpitik amaitu duen historiako lehen korrikalaria da: “Hori zen helburua”, aitortu du proba amaitu berritan. “Bakarrik geratu naizenean estutzeko motibazioa horixe zen”.
Denbora are hobea ere egin zezakeela uste du. “Momentu batean azkarrago nentorren. Baina, egia da, Barbariko errebuelta horietan denbora joan zaidala. Bost minutu, seguru. Oso luze egin zait”. Beharbada, beroagatik. “Beti garbi izan dugu, Goierrin izan ezik. Baina, egia esan, eskertu eta dena egin dut. Une batzuetan bero pasa dut. Aralar jaisten, Aizkorri inguruan… dezenteko beroa zegoen. Hemen freskoago egiten zuen eta gusturago etorri naiz”, aipatu du.
Oso gustura zegoen helmugan. “Bazen garaia ultra bat horrela bukatzeko”, azpimarratu du. “Burua ondo, hankak ondo, tripak ondo… Ultra txartela lortzeko bidean nabil eta gaurkoarekin oso gustura nago, sekulako konfiantza hartu dut”.
Antolatzaileentzako eta boluntarioentzako esker oneko hitzak izan ditu: “Antolakuntza, bikaina; boluntarioak, zer esanik ez; markaketa, ikaragarria. Batez ere, gauez. Norbait galdu egin bada, ondo begiratu dezala zer dabilen”.