Eskudero: "Lagunek, familiak... asko lagundu didate"
Ioseba Eskuderok G2Hko podiumerako dozena bat minutuko aldea zuen. Halere, ez zen fio, Mutiloatik aurrera asko sufritu duela aitortu baitu
Ioseba Eskuderok Goierriko Bi Handietako podiumean sartzea lortu du. “Mutiloatik aurrera dezente sufritu dut. Baina animoei esker eutsi, eutsi, eutsi eta heldu gara”, kontatu du helmugan. Adur Mendizabal laugarren sailkatuari hamabi minutu atera dizkio, baina ez zen fio. “Erreferentziak esaten zizkidaten baina urduri nentorren. Lagunek, familiak… asko lagundu didate”.
Sufritzen jakin duela nabarmendu du. “Oso azkar hasi gara. Nire buruari esaten nion horrela gaizki nindoala. Baina pixka bat arriskatu dut eta, sufritzen sufritzen, ondo atera da”. Zaleen bultzada ezinbestekoa izan zaio horretarako. “Irteera ikaragarria izan da. Eta Zaldibian ere, Larraitzen, kristoren jende piloa zegoen. Sekulako indarra ematen zuten”.