Alvaro Ramosek irabazi du Marimurumendi
Bigarrena Iñigo Arantzamendi ondarrutarra izan da, eta hirugarrena, Martin Mac Grach arabarra, azkeneko jaitsieran Unai Dorronsoro beasaindarra aurreratuta.
Ehunmilak trilogiako lasterketarik motzeneko lehen korrikalariak iritsi dira dagoeneko Beasaingo helmugara. Iristen lehena Alvaro Ramos nafarra (Sarriguren) izan da. 3:39:06 denbora osatu du.
Bigarrena, berriz, Iñigo Arantzamendi ondarrutarra, 3:44:33 denborarekin; eta hirugarrena, Martin Mac Grach arabarra (3:49:48). Arantzamendik 2018. urtean bigarren postua eskuratu zuen eta 2019. urtean hirugarrena.
Arabarrak azkeneko jaitsieran aurreratu du laugarren iritsi den Unai Dorronsoro beasaindarra. 3:50:47 denbora egin du.
Unai Dorronsoro beasaindarra kilometro askotan bigarren postuan joan bada ere Arantzamendirekin batera, “Arriarandik Agortarako azkeneko igoeran bikiak igotzen hasi zaizkit eta azkeneko jaitsieran ezin nuen, sufritzen jaitsi naiz. Pena, baina beste batean izan beharko du”.
Momentu gogorrena azkeneko jaitsiera izan da beasaindarrarentzat, “inpotentzia handia, baina pozik nago egindako denborarekin”.
Korrikalarien jarraipena Ehunmilen webgunetik egin daiteke.