Lierniko erromeria bueltan da bi urte luzeren ondoren
Lierniako erromeria berriro ere itzuli da. Bi urteren ondoren jai-giro bikaina izan dute gaurkoan, egun osoko egitarauarekin.
Liernia jai-giroz jantzi da gaurkoan bi urte luzeren ondoren. Pandemia dela eta azken erromeria 2019.urtean egin zen eta aurten, bueltan izan dute berriro ere. Ormaiztegiko Udalak antolatutako eguna izan da, Mutiloako Udalaren laguntzarekin.
Hainbat ekintzaz osatutako egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera izan dute bertaratu direnek. Pixkanaka-pixkanaka betez joan dira Lierniko bazterrak 11:30ak aldera, egunari hasiera emanez. Jendez, aulkiz, mahaiez eta karpaz bete da auzoa eta goizean zehar jan-edana izan da nagusi, salda eta txorizo dastaketan. Etxeko txikienek ere izan dute haien tokia gaurko egunean, jolasak egiteko aukera izan baitute. Jokoen artean sokatira, elkarri isatsa kentzeko jokoa eta abar egin dituzte. Jarraian, meza eta Umaiz abesbatzaren kontzertua izan dituzte eta bazkari herrikoia egin dute ondoren. Parrillan egindako txerri-sahieskia patatekin bazkaldu dute helduek eta haurrek, berriz, makarroiak. Bazkaloste lasaia izaten ari dira eta arratsalderako ekintza gehiago dituzte, jaiari amaiera bikaina emateko.
Arratsaldean
Behin bazkaldu eta atseden hartu ondoren, DJ Inaxioren txanda izango da. Berak jarriko du dantzarako-giroa Liernian, baita ormaiztegiarren oinak dantzan ere. Ondoren, arratsaldeko 18:00etan, XXIV. toka txapelketa herrikoia jokatuko da. Bi lagunentzako otordua irabaziko du Mujika jatetxean gaurko toka txapelketako garaileak. 19:30etan eguna amaitutzat emango dute aurtengo erromerian eta Ormaiztegira jeisteko autobusa izango dute.