Porteria eraikina eraitsi eta ingurua berrurbanizatzeko obrei ekiteko hitzarmena sinatu dute
Uholde arriskua murrizteko lanak dira. Beasaingo Udalak, CAFek eta URA Uraren Euskal Agentziak sinatu dute hitzarmena.
CAFek, Beasaingo Udalak eta URA Uraren Euskal Agentziak hitzarmena sinatu dute astelehen honetan, Oria ibaian uholde arriskua murrizteko egingo dituzten obrei ekiteko. Porteria eraikina eraitsi eta ingurua berrurbanizatuko dute. URAk asteazkenean egingo du lizitazioa, 7,8 milioi euroko oinarrizko aurrekontuarekin eta 18 hilabeteko egikaritze-epearekin. Hirigune erresidentziala eta industria-erabilerarako lurzorua uholdeetatik babestea da helburua. Oria ibaiaren ertzetan, CAFen industria-instalazioen parean dauden lurrak urpean gera daitezke eta delako Uholde Arrisku Handiko Eremu batean daude.
300 metroko luzera izango du jarduerak. Porteria eraikina eraistea, Oria ibaiaren ibilguaren gaineko bi zubi kendu eta eraistea, ubidearen eta Jose Miguel Iturrioz kalearen arteko lau eraikin eraistea, zubiaren kokapenean zubi berri bat eraikitzea, ibilguaren eskuineko ertzaren babestea, bi noranzkoak berreskuratu eta espaloi zabalak jartzea eta Jose Miguel Iturrioz kalearen berrurbanizazioa egitea jaso dute proiektuan.
URAk aurkeztu du proiektua eta obra kontratatzeaz eta egikaritzeaz arduratuko da. 6.152.900 euro ordainduko ditu. Beasaingo Udalak CAFen lursailetan obra hidraulikoengatik sortutako afekzioak erregularizatzeko konpromisoa hartu du eta 1.630.000 euro finantzatuko ditu, eta CAFek, aldiz, lursailak URAren esku jartzeko konpromisoa hartu du, eta bere gain hartuko du bulego berriak gaitzeko obrak gauzatzea eta ordaintzea. Proiektuak Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren finantziazioa jasoko du.
Ekitaldian izan dira Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Leire Artola Beasaingo alkatea eta Andres Arizkorreta CAFeko presidentea, Antonio Aiz URAko zuzendari nagusia eta Gorka Zabalegi CAFeko giza baliabideen zuzendaria.