Alvaro Ramos eta Larraitz Aragon nagusitu dira Marimurumendi proban
Gizonezkoen artean, Unai Dorronsoro korrikalari beasaindarra laugarren postuan sailkatu da. Goierriko lehen emakumezkoa Ione Cerezo zumarragarra izan da, zortzigarren postuan
Lasterketa motza Alvaro Ramos nafarrak eta Larraitz Aragon bizkaitarrak irabazi dute. Lehen goierritarrak Unai Dorronsoro beasaindarra eta Ione Cerezo zumarragarra izan dira.
Ramosek 3 ordu 39 minutu eta 6 egundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Bigarrena Iñigo Arantzamendi ondarrutarra izan zen, 3:44:33 denborarekin. Hirugarren postuan Martin Mac-Gragh leioatarra sailkatu zen (3:49:48). Arantzamendik 2018an bigarren postua eskuratu zuen eta 2019an hirugarrena.
Lehen goierritarra Unai Dorronsoro beasaindarra izan zen, laugarren postuan (3:50:47). Arabarrak azkeneko jaitsieran aurreratu zuen Dorronsoro. Beasaindarra kilometro askotan bigarren postuan joan zen, Arantzamendirekin batera. «Arriarandik Agortarako azkeneko igoeran bikiak igotzen hasi zaizkit eta azkeneko jaitsieran ezin nuen, sufritzen jaitsi naiz», esan zuen proba amaitu ondoren.
Momentu gogorrena azkeneko jaitsiera izan zen beasaindarrarentzat. «Inpotentzia handia sentitu dut, baina pozik nago egindako denborarekin».
Ramos garailea ere gustura zegoen, noski. «Aurrez markatutako denborak bete ditut eta, beraz, oso gustura nago. Eguraldi ona egin du, gainera, nahiz eta amaieran bero apur bat egin duen. Zorua ondo zegoen».
Bere lehen Marimurumendi izan da. «G2H pare bat aldiz egin dut, baina Marimurumendi entrenatzen bakarrik egin dut. Banekien oso lasterketa azkarra zela eta lasterketa azkarrak oso gustuko ditut. Gainera, giroa oso ona da. Zegama berezia dela esan ohi dugu, baina Ehunmilak ere berezia da. Ahal dudan guztietan etortzen naiz».
Aragon eta Cerezo
Emakumezkoei dagokionez, Aragon durangarrak 4:44:11 denbora osatuta sartu zen Beasaingo Loinazko San Martin plazako helmugan. Bigarren posturako lehia estua izan zen, Maria Sanchez eta Cristina Fargasen artean. Fargas kataluniarrak lortu zuen azkenean bigarren postua (5:01:41) eta Sanchez bergararrak hirugarrena (5:03:10).
Aragon oso gustura ageri zen. «Ez nengoen oso ondo eta ez nuen espero halako lasterketa egitea. Azkeneko kilometroak gogorrak izan dira, beroagatik».
Berak ere giroa azpimarratu zuen. «Jendetza zegoen animatzen eta hori asko eskertzen da. Errepikatzeko modukoa izan da eta jendeari etortzea gomendatzen diot. Nire lehen maratoia izan da».
Cerezo zumarragarra ere oso pozik dago. «Oso pozik bukatu nuen. Gainera, nire denbora hobetu nuen. Ez nuen espero». Marimurumendi lasterketa asko gustatzen zaio. «Etxean da, lekuak ezagunak dira, Izazpira igotzen da… Urteko erronka nagusia izan da. Oporretan ere lasterketa batzutan parte hartuko dut, baina denborapasa gisa», aipatu du.