Aritz Fernandez eta Uxoa Ibarreta, saltsan eta batxatan saridun
Espainiako eta Europako dantza retro txapelketa jokatu dute asteburuan Zumarragan; sarietako bi herrian bertan gelditu dira.
Asteburuan Zumarragan jokatu den Espainiako eta Europako dantza txapelketak bi sari utzi ditu herrian bertan, Aritz Fernandez Kortazarrek irabazitakoak. Fernandez (Zumarraga, 1999) bigarren postuan sailkatu da Uxoa Ibarreta Segurola bikote azpeitiarrarekin, saltsa eta batxata modalitateetan, 18 eta 30 urte bitartekoen mailan.
«Oso pozik» dago Fernandez titulu horiekin, «gure kategorian oso maila altua dago, eta hori lortzea orain arte egindako lanaren saria» dela dio, atzetik entsaio ordu asko daudelako. Hala ere, titulua baino gehiago «egindako lanarekin gu gustura geratzea, guk sortutako koreogragia ondo geratzea, eta egin dugunarekin eroso sentitzea» gehiago baloratzen dutela dio.
Aritz Fernandez 11 urte zituela hasi zen dantzan, Jose Mari Orbegozok eta haren ikasleek Zumarragako jaietan egiten zituzten erakustaldiekin liluratuta geratu eta gero. Orbegozoren Azpeitiko Dantzaki akademian ikasi zuen, eta txapelketetan parte hartzen hasi zen gero, «baina ez nuen espero iritsi naizen lekura iristea». Gainera, «Uxoarekin urte bete eta hilabete gutxi batzuk daramat bakarrik». Dantza bikotea osatuta, Euskadiko txapelketan parte hartu zuten, Madrilen gero, Kantabrian, Frantzian… «eta orain, hau».
Saria «dantzan jarraitzeko pizgarria» da Fernandezentzat, eta lehiaketa gehiago etorriko dira orain. Gainera, Lazkaoko kiroldegian eta Beasaingo Dantzaki akademian irakasle lanetan jarraituko du.