Mugen paradisuan sabairik ez
Javi Dominguezek seigarren aldiz irabazi du Ehunmilak. Elena Calvillok, lau aldiz bigarren izan ondoren, garaile. Aritz Egeak G2H errekorra hautsiz menperatu du
Ardoagatik esan ohi dena ultratrailetako korrikalariengana zabaldu beharko da: adinarekin ontzen dira. Ehunmilak probak asteburuan garbi erakutsi du. Irteeran faborito ziren haiek iritsi dira lehenbiziko atzera Beasaingo plazara. Eta goierritarrak, puntaren puntan. Elena Calvillo beasaindarra Ehunmilak luzearen irabazle-zerrenda historikora sartu da. Aritz Egea urretxuarrak errekorra jarri du G2Hn, luzaro iraun dezakeen marka.
Desertuko zeharkaldiaren ondoren, 13.a behar zukeen urtean jokatu da Ehunmilen eta Goierriko Bi Handien 11. ekitaldia. Antolatzaileen lehen balorazioan, denetan «borobilena». Lasterketako izen berezien gaindi, ezbeharrik gabeko, eguraldi atsegineko eta, batez ere, festa kutsu beteko asteburua izan da.
Lehen pertsonaia nagusia, Javi Dominguez Ledo da. Ehunmilak seigarren aldiz irabazi du (23:04:06). Jon Aizpuruaren 2019ko markatik (22:21 ordu) urruti helmugaratu da, zapatuan berotxo egin baitzien. Baina Zegama aldean Kilian Jornet denaren oinatzetan doa gasteiztarra, Imanol Alesonen baimenarekin (hiru garaipen 2010, 2013 eta 2015ean, eta bi bigarren postu 2012an eta 2014an).
Ia egun bete korrika egin ondoren, antolatzaileekiko izan ditu esker oneko hitzak Dominguezek, helmugan. Ikusleen eta boluntarioen jarrera txalotu du: «Oso ondo hartzen gaituzte. Txindokiko txalaparta, Xoxoten gero eta jende gehiago egundoko juergarekin…».
2011, 2014, 2016, 2017 eta 2018ko garaipenei erantsi die 2022koa Dominguezek, tartean pandemiagatik bi urte zurian joan ondoren. Bi bigarren postu ere baditu (2013 eta 2019). Igandean, podiumeko argazkian, Ander Erize arbizuarrak (25:36:03) eta Oscar Perez de Nanclares gasteiztarrak (25:59:38) lagun egin zioten.
Calvillori zor bat kitatua
Bigarren izen nagusia, Elena Calvillo Arteagarena da. Ehunmilek zor zioten, eta azkenean poltsikoratu du. 168ko erraldoia irabazi du, probaren Poulidor izateko bidea etenda. Bigarren lau aldiz egina zen (2014, 2017, 2018 eta 2019). Goierriko Bi Handietan eztiaren gozoa probatuta zeukan, 2010eko estreinakoa irabazi baitzuen (2016an bigarren eta 2015ean hirugarren ere bai). Goia larunbat gaueko hamaikak zazpi gutxian jo zuen Calvillok, Beasaingo plazan bi besoak altxatuta (28:53:28).
Podiumeko bigarren koska Irene Guembek hartu du (28:39:22) eta hirugarrena Leire Martinezek (29:57:16). Lasterketa hasieratik bukaerara Calvillok menperatu du, ordea. Kontrol guztietan lehenengo pasatu da, Madarixakoan izan ezik (2.).
«2014an 29 ordu eta erdian egin nuen, eta nire asmoa orain 34 ordu inguruan ibiltzea zen. Baina ondo sentitu naiz, indartsu; lurrak eta eguraldiak asko lagundu digute,eta azkenean atera da. Oso pozik nago», esan zuen Calvillok, bukaeran.
Ehunmiletan, lehen gizonezko goierritarra Aritz Ugarte idiazabaldarra izan da (26:55:48), nagusian zortzigarren.
Aritz Egea, jaun eta jabe
Hirugarren izen propioa, Aritz Egea Caceres urretxuarrak inskribatu du, Goierriko Bi Handietan. Orain arte korritu ohi dituen distantzietatik gora ibili arren, beste tekla sorta bat erantsi dio aurrez luzea zeukan pianoari. 88 kilometroko ultratraila irabazi ezezik, probaren errekorra ezarri du: 9:51:45 ordu. Goar Lopetegi ibartarra (10:09:24) eta Joseba Eskudero idiazabaldarra (10:16:28) iritsi dira ondoren.
Egea zen faborito nagusia, eta 20. kilometrorako berak erakutsi zuen baietz. Jon Aizpuru beasaindarra atzean utzi zuen, behin Txindokirako aldapak oinetan sumatu orduko, eta Lizarrustira iristerako (35.km-a) Tofol Castanyer kataluniarra. Bakarrik egin zuen gainontzeko bidea, Andraitzen «sekula ikusitako egunsentirik politena» ikusteko tentua hartuta.
«Oso ondo sentitu naiz. 50.etik 60.era komeria batzuk pasatu ditut, baina ultretan normala da, hainbeste ordutan gora-beherak izaten dira. Buelta eman diot, eta gero oso azkar etorri naiz, gustura eta batere sufritu gabe», zioen Aritz Egeak.
Emakumeetan, Gemma Barrabeig kataluniarrak nagusitasunez irabazi du G2H (14:06:34). Lehen aldia zuen Beasainen, eta liluratuta geratu da: «Ez dut inoiz horrelakorik bizi izan». Beasainen bizi den Amaia Larreategik (14:33:15) eta Amaia Otsoa de Alda donostiarrak (15:06:05) osatu dute podiuma.
Valdivielso: «Borobilena»
Kirol arloan marka bakarra Egearen G2Hkoa den arren, orain arteko ekitaldirik «borobilena» aurtengoa izan dela iritzi dio antolakuntza taldeko Mikel Valdivielsok. «Uste genuen 2019koa gaindiezina izango zela, baina uste dut hau bai izango dela ia-ia hobetu ezina. Oro har politagoa, publiko askorekin…», esan du.
Korrikalari askok bezala, 1.400 boluntarioen lana eskertu du, «proiektuaren benetako altxorra» haiek direla ziurtatuta.