Oporretan Ilintirekin kanpaina berria jarri dute martxan Legazpiko merkatariek
Elkarteko komertzio guztietan gauzatuko da, eta udarekin zerikusi duten hainbat produktu zozkatuko dituzte bezeroen artean. Dendak Kalera feria arrakastatsuaren ondoren dator kanpaina berri hau.
Ilinti merkatari elkartea kanpaina berri batean murgildu da, Dendak Kalera feria amaitu berritan. Oraingoan, oporrei begira jarri dira, eta Oporretan Ilintirekin izeneko kanpaina jarri dute martxan. Uztailaren 22ra arte gauzatuko da, Ilintiren denda guztietan. Establezimendu bakoitzean egindako erosketa guztien artean, pareo bat, hondartzako poltsa bat eta estera bat zozkatuko dituzte.
Bestalde, pasa den asteko ostegunean, hilak 7, egin zuten Dendak Kalera feriari buruz, “balorazio ona” egin dute merkatariek, “giro alaia egon zen, eguraldi ona ere egin zuen eta jende asko hurbildu zen”. Egun “borobila” izan zela gogoratu dute, dendariek kalera atera zituzten salgaiak eta eskaintzen dituzten zerbitzuak, eta ekitaldi ugari izan ziren egunean zehar, trikitilariak, dultzaineroak, Jose Manuel Paternain akordeoi jotzailea, Eneko Gutierrez magoa, Markel Vesga xake jokalaria eta Sorgintxuloren jolasak. Jatekoa Saniko Kuadrillak jarri zuen elkartasun paella batekin, eta edatekoa ere izan zen, Asier de la Iglesiaren Mudita garagardoarekin.