Patinak bogan jarri dira Legazpin Eraldatuz irristaketa taldeari esker
Uda ikastaroan ehun pertsona ari dira parte hartzen, hasi berriak eta adituagoak. Aitor Vacas da taldeko entrenatzailea eta zuzendaria. Josu Egaña taldekidea, lasterketetan
Ikasturtean zehar ematen dituzten klaseak, orain martxan dagoen uda ikastaroa, ekainean Kale Nagusian egin zuten patin festa… Legazpi patinez eta irristaketa gustuko duen jendez beteta dago. Aitor Vacas arabarra buru dutela, Eraldatuz Euskal Irristaketa Taldea dago patinaren inguruko mugimendu honen guztiaren atzetik.
Legazpin sortu zen, hain zuzen, Eraldatuz eratzeko ideia duela urte bete, patinen mundua herrian oso errotuta dagoen seinale. Haurrei zuzendutako ikastaro batekin hasi ziren, urritik ekainera bitartekoa, eta gero helduak joan ziren hurbiltzen poliki-poliki, beste talde bat sortuz. Oraingo uda ikastaroan ehun lagun dabiltza, taldetan banatuta: 70 ume eta 30 heldu. Batzuk hasi berriak dira, beste batzuk adituak ia.
Bigarren uda ikastaroa da, iaz ere egin zutelako, eta uztailaren 4an hasita, 28ra arte luzatuko da. Saioak Haztegi ikastolako pilotalekuan dira, baina noizean behin kalera ere ateratzen dira taldeak, irristatzera.
Patina, pasio bat
Aitor Vacas arabar gaztea da Eraldatuz taldeko entrenatzailea eta zuzendaria, eta arima. Irristaketa ikastaroak emateaz gain —Ezkio-Itsason ere ematen ditu— patinatzaile profesionala da, eta abiadurazko lasterketetan lehiatzen da Espainia mailan, Galiziako talde batekin. Horrez gain, Tolosako Irristaka taldeko entrenatzailea ere bada, Beñat Azurmendirekin batera.
Patina «nire mundua da, nire bizitza da», dio Vacasek, eta pasio hori transmititzea du gustuko. Legazpin horretan ari da, emaitza onekin gainera. Taldeko kide bat aipatu du, Iosu Egaña, duela aste batzuk Oñatiko Torreauzoko lasterketan parte hartu zuen, patin baten gainean.