Beasaingo bortxatzaileari kartzela zigorra murriztu diote
Kondena 12 urtera laburtu diote. 15 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Helegitea jarri zuen zigorrak batu egin zizkiotelako eta arrazoia eman diote, zati batean
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiak 2019an Beasainen emakume bat bortxatzeagatik zigortutako gizonaren kondena hiru urte murriztu du. Hamabi egin beharko ditu kartzelan, eta ez hamabost. Zigorrak batu egin zizkiotela helegitea aurkeztu zuen, eta epaileak arrazoia eman dio, zati batean.
Lehen epaian sexu erasoarengatik eta lesioengatik zigortu zuten. 12 eta 3 urteko espetxe-zigorra, hurrenez hurren. Zigorrak batzeak bere eskubideak urratzen zituela salatu zuen eta errekurtsoa onartu du epaileak. Sexu eraso batengatik jar daitekeen zigorrik handiena da, egindakoaren «larritasunagatik».
Fiskaltzak, akusazio partiku- larrak eta herri akusazioak auzi- petuari 24 urteko espetxe zigorra ezartzeko eskatu zuten epaiketan: hamabost urte, sexu erasoagatik; hiru, lesioengatik; eta sei, legez kanpo atxikitzeagatik.
Epaileak ez ditu akusatuaren eskari guztiak aintzat hartu. Hamar urteko zaintzapeko askatasunaren zigorra berretsi du, bai eta jatorrizko ebazpenak ezarritako 58.830,77 euroko kalte ordaina ere.
Bigarren epaiak gizonezkoa erruduna dela berretsi du. Gizonezkoak hala onartu zuen epaiketan. «Onartzen dut, ezin dut ukatu. Ezin ditut justizia eta frogak engainatu», esan zuen kondenatuak epaiketan.
Beste hiru eraso
Gizonezkoak emakumeari bere etxe atarian itxaron zion eta lanera joateko irten zenean eraso egin zion. Lokartu, eta atzera etxera gora igo eta ohean lotu zuen. Han bortxatu zuen.
Emakumeak salaketa jarri eta ikerketari tiraka poliziak aurkitu zuen beste hainbat erasoren egilea izan daitekeela. Alde batetik, 28 urteko zigorra eskatzen diote beste ustezko bortxaketa bategatik eta bi erasoren saiakeragatik. Bestetik, hamaika urteko zigorra eskatzen diote beste ustezko bortxaketa batengatik. Gainera, beste eraso bat ere ikertzen dabiltza, kasua oraindik epaitegietara iritsi ez den arren.
Atxilotu zutenetik darama preso, nahiz eta lehen zigor irmoa aurten jarri dioten.













