Punta-puntako txirrindulariak elkartuko ditu Ordiziako 99. Klasikoak
Vincenzo Nibali, Miguel Angel Lopez, Esteban Chavez, Juan Ayuso, Alessandro De Marchi eta Simon Yates Ordizian izango dira astelehenean. Alejandro Valverde izena emandakoen zerrendan dago oraingoz, baina ez dute erabat baieztatu lehian izango da. Ehun urte dira lehen klasikoa jokatu zenetik, eta mendeurreneko ospakizunei hasiera emango die 99. Klasikoak.
Goi mailako txirrindulariak elkartuko ditu aurten Ordiziako 99. Klasikoak. Ehun urte dira lehen proba jokatu zenetik (Francisco Sarasolak irabazi zuen 1922an), eta “edizio berezia” izanik, puntako ziklistak ekartzeko ahalegina egin du Txapel-Gorri elkarte antolatzaileak. Hogei talde izango dira lehian: sei World Team mailakoak, bederatzi Pro-Teamekoak eta bost Continental mailakoak. Lasterketa streaming bidez jarraitu ahal izango da.
Izenen artean, honakoak dira aipagarrienak: Juan Ayuso iazko bigarren sailkatua (UAE Emirates), Vincenzo Nibali eta Miguel Angel Lopez (Astana), Esteban Chaves bigarren sailkatua 2012an eta Simon Carr 202oko irabazlea (Education First), Alessandro De Marchi (Israel-Premier Tech), Simon Yates 2016ko irabazlea (Team BikeExchange), Angel Madrazo 2015eko irabazlea (Burgos BH) eta Julien Simon 2011ko irabazlea (Total Energies), besteak beste. Etorriko den ala ez zalantzan dagoena Alejandro Valverde da –2003an irabazi zuen, Kelme taldearekin–. Uztailaren 2an auto batek harrapatu zuen entrenatzen ari zela, eta hartatik errekuperatu bada ere, familia COVIDarekin dago, eta ezin da ezer konfirmatu. Haren nahia Ordiziara etortzea da.
Bi taldek kale azken orduan
UAE Emirates, Astana, Education First, Israel Premier Tech, Movistar eta BikeExchange dira UCI World Team maila goreneko sei taldeak. Euskal Herrikoak bi izango dira, Caja Rural –Mikel Nieve taldeburu– eta Euskaltel-Euskadi –Mikel Bizkarra taldeburu–. Bost kontinente eta 37 herrialdetako txirrindulariak bilduko dira Ordizian, 140 bat guztira. Azken orduan bi taldek kale egingo dute: Global 6 Cycling taldeak COVID kasuengatik eta W52/FC Porto taldeak dopin kontuengatik.
Txomin Perurena eta Francisco Sarasola omenduak
Ordiziako Klasikoa hirutan (1971, 1972 eta 1976) irabazia den Txomin Perurena oiartzuarra izango da aurtengo omendua, baita lehen edizioaren irabazle Francisco Sarasola ere. Haren semeak, bilobak eta birbilobak izango dira sari-emate garaiko ekitaldian. Azkenean Valverde etorriko balitz, lasterketa abiatu aurretik omenaldi txiki bat ere egingo liokete. Aurten ez da minutu bateko isilunerik izango irteera marran. Ziklista gonbidatuak, berriz, Abraham Olano anoetarra (1992an Ordizian irabazi zuen lehen karrera profesionala) eta Raul Alcala ziklista mexikarra izango dira (Tourrean etapa irabazlea eta Donostiako Klasikoan ere bai, PDM taldearekin).
Mendeurreneko ekitaldien abiapuntua
Txapel-Gorri elkartean egin dute gaur eguerdian probaren aurkezpena. Patxi Garmendia Mendigar Txapel-Gorriko presidentea, Jose Luis Sanz probaren koordinatzaile orokorra, Adur Ezenarro Ordiziako alkatea, Jon Ander Caballero Kirol zinegotzia eta Joseba Larrarte El Diario Vasco-ko Marketin arduraduna izan dira bertan.
Aurtengo edizioarekin Ordiziako Klasikoaren mendeurreneko ekitaldiei hasiera emango dietela nabarmendu dute. Datorren urteari begira egitasmo hainbat badituztela aurreratu dute, horien artean aipagarriena probaren historia bilduko duen liburua, 500 orrialde ingurukoa. Euskaraz eta gazteleraz argitaratuko dute, 2023ko Euskal Jaietan seguru asko.