Bidaiei buruzko ikus-entzunezkoa Ikatza elkartearen ikasturtea ixteko
Lau emanaldi prestatu dituzte aurtengo Uztakale programarako. Legazpi Hirian abuztuaren 31ra arte parte hartu daiteke. Batis Goikoetxea rallya irailaren 18an da
Legazpiko udako kultur egitarauan klasikoak dira Ikatza argazkilari elkarteko kideek eskaintzen dituzten ikus-entzunezkoak. Proiekzio areto erraldoi bihurtzen da Azoka uztaileko ostiral gauetan, eta herriko argazkilariek egindako irudiak ikusteko gogoz dauden ikuslez betetzen da.
Ikatzakoek ez dute huts egin aurten ere, eta orain Uztakale izenez ezagutzen den kultur egitaraurako lau saio prestatu dituzte. Hiru eman dituzte dagoeneko, eta azkena ostiral honetan izango da, ohi bezala, 22:30ean, Azokan. Bidaiak izango da azken emanaldi honen gaia.
Natura eta bidaiak
Ostiralekoa emanaldi jendetsuena izango dela aurreikusten dute Ikatzakoek, bidaiena delako gehien gustatzen den gaia. Bazkideek bidaietan ateratako argazkiak izango dira aurtengoak ere, baina irudiak beste urteetan baino gertuagoko tokietakoak izango direla aurreratu dute, pandemiaren erruz bidaiatzea zailagoa izan delako azken bi urteetan. Hala ere, ohi bezala, argazki zainduak, kalitate handikoak eta ikuspuntu desberdinak erakusten dituztenak izango dira, aurreko beste hiru emanaldietakoak bezala.
Lehen bi saioetan, elkarteko bazkideek hilero egiten dituzten barne lehiaketetako argazkiak erakutsi dituzte, eta hirugarrenean, natura gaitzat hartutakoak. Hori ere, naturarena, ikusleei asko gustatzen zaien gaia da.
Legazpi Hiria, abuztuak 31
Ostiraleko emanaldiaren ondoren, oporrak hartuko dituzte Ikatzako kideek, eta irailean itzuliko dira ohiko jarduerara. Baina atseden hartu aurretik, ikasturte berrirako lan batzuk aurreratuta utzi dituzte, horien artean, Legazpi Hiria estatu mailako argazki lehiaketaren 23. edizioa, Argizaiola sari entzutetsurako puntuagarria dena.
Lehiaketa honetan parte hartzeko epea abuztuaren 31ra arte atzeratu dute. Aurten modalitate bakarra ezarri dute oinarrietan, eta argazkilariek gai libreko argazkiak aurkeztu ahal izango dituzte, editatuak edo editatu gabeak, eta koloretakoak edo monokromoak.
Epaimahaiaren lana etorriko da gero, eta sari banaketa ondoren. Hori, datorren urriaren 7an egingo dute, Kultur Etxean, eta ondoren, aukeratutako lanen erakusketa jarriko dute ikusgai urriaren 21era arte.
Legazpi Hiria irabazten duenak 600 euro jasoko ditu saritzat. Bigarren eta hirugarren sariak ere izango dira, 300 eta 150 eurokoak hurrenez hurren, eta herriko saria ere bai, hori ere 150 eurokoa. Juan Mari Burguera artistak egindako garaikur bana ere jasoko dute laurek.
Batis Goikoetxea rallya
Irailari begirako beste lan bat ere prestatuta utziko dute Ikatzakoek oporretara joan aurretik: Batis Goikoetxearen omenezko rallya. Aurten irailaren 18an egingo dute elkarteko sortzaile eta kide izandakoa gogoratuz beste behin ere.
Igandea da irailaren 18a, eta egun horretarako ia dena prest dute. Aurten argazkilari gazteen parte hartzea indartzeko asmoa dute, eta hori dela eta, mugikorrarekin parte hartzeko aukera eskainiko dute.
Irailetik aurrera izango dituzte zeregin gehiago Ikatzakoek, besteak beste bazkideek beraiek egindako lanen proiekzioa eta argazki erakusketa prestatzea.