Fotogramekin ari da lanean Gorka Salmeron bere arte proiektu berrian
Argazki paper zaharrak eta eguzki argiaren esposizioa dira oinarria. Lore, maskara eta kondoien fotogramak egiten ditu. Zarautzen erakutsi ditu lan batzuk erakusketa kolektibo batean
Proiektu berri batean murgildu da Gorka Salmeron legazpiar argazkilaria. Oraingoan, tamaina askotako fotogramak hartu ditu ardatz, eta antzinako teknikak berreskuratuz, loreei, maskarei eta kondoiei argazkiak aterata, esperimentuz esperimentu ari da osatzen lan berria.
Fotograma bat kamerarik gabe lortzen den argazki irudi bat da, paper fotografikoaren gainean objektu bat jarriz eta zuzeneko argiaren esposizioa eraginez lortzen dena. Salmeronen proiektu berri honetan, loreak, pandemiak hain ezagun bihurtu dituen maskarak eta kondoiak dira elementu horiek, eta zuzeneko argia eguzkia da.
Lanaren jatorria iaz Joxan Iza bergararrarekin Donostiako Elizbarrutiko museoan egindako Agerkunderako gunea erakusketan dago. «Argazki paper batean letra-setekin letra batzuk jarri nituen, banekielako hura denborarekin belzten joango zela argiaren poderioz». Emaitza ikusita, paper zaharrekin lan egiteko aspalditik zuen asmoa berriz hartu, eta hilabete eskasera, iazko apirilean hasi zen lehen fotogramak egiten, maskarekin.
Eguzki bila
Lanbidez irakaslea da Salmeron, eta denetik ematea egokitu zaio: «Artearen oinarriak, Plastika, Ikus-entzunezkoen kultura, Marrazketa teknikoa…». Azken ikasturtea Larraintzargo (Nafarroan) institutuan eman ditu klaseak, eta han zegoela egin zituen proiektu berriko lehen lanetako batzuk, «udaberrian sekulako eguzkia zegoen, eta kotxeko guantera gainean uzten nituen paperak, kontaktu prentsa batean jarrita, eta irakasle gelan ere bai, eguzkiak primeran jotzen zuelako han». Udan ez zuen eguzki faltarik, baina neguan, etxeko leiho ondoan jartzen zituen paperak, eta argi gutxiago zegoenez, denbora gehiagoz edukitzen zituen. Prozesua osatzeko, «finkatu, garbitu eta biratua ematen zaio, kontserbatzeko eta beste tonu bat emateko».
Hala, fotograma mordoa lortu ditu. Kopia bakarrak dira, «monotipoak», tamaina askotakoak: «100 urte baino gehiago dituzten paperak ditut, eta horiekin fotograma txiki-txikiak egiten ditut; gero 18×24, 50×60 neurrikoak; eta udan metro bateko neure estanpa bat egin nuen, paperaren gainean eguzkipean etzanda ordu erdi egonda».
Loreak, maskarak eta beste
Fotograma gehienak lore, maskara eta kondoiekin egin ditu, eta horietako batzuk behin baino gehiagotan erabili baditu ere, «irudi guztiak desberdinak dira, argiaren arabera. Argi ultramore gehiago, eguzkia egin ala lainotuta egon… emaitza sorpresa bat da beti, oso dibertigarria da».
Serieak osatzen ditu irudi bera duten fotograma batzuekin, eta bat badu berezia, «kondoi batekin 81 pieza lortu nituen, argazki paper desberdinekin, kolore desberdinak… paretan sei metro hartuko lukeen konjunto bat izango litzateke».
Lan horietako batzuk Zarautzen erakutsi berri ditu Salmeronek, Ispilu galerian Jesus Mari Zabalza, Angel Ispizua, Mikel Iriondo, Moncho Trullos, Jose Ronco, Roberto Botija eta Jesus Mari Zabalzarekin egindako erakusketa kolektiboan. Bakarkako erakusketa egin nahiko luke orain, fotogramekin.