Amaitu da aurtengo Uztalai
Legazpiko udaleku irekietan 259 haur, 24 begirale eta zuzendari bat ibili dira. Uztailaren 4an hasi, eta gaur amaitu da Uztalai.
Gaur izan da Legazpiko haurren udaleku irekien azken eguna. Uztailaren 4an hasi ziren, eta euskaraz gauzatu diren ekintza eta une goxo askoren ondoren, eta San Fermin bezalako egun gogoangarri batzuk ospatu eta gero, iritsi dira amaierara. Bitarte horretan, eta eguraldia lagun izan dutela, 259 haurrek parte hartu dute aurtengo udan lehen aldiz Uztalai izena hartu duen jarduera honetan.
Orain balorazioa egiteko ordua iritsi da, begiraleena zein haurren familiena. Egiten dituzten proposamenak eta ekarpenak aztertuko ditu gero udalak, datorren urteari begira udako aisialdi eskaintza hori hobetzeko.
Udalak 24 begirale eta zuzendari kontratatu ditu Uztalairako, jarduera honen kostua 30.800 euro ingurukoa izan da.