Gora egin du euskararen erabilerak Legazpin, batez ere gazteen artean
Gaurko datua %33,9koa da, duela 20 urtekoa % 21,5ekoa zen bitartean .Gazteen artean egin du gora batez ere erabilerak .Haurrek, aldiz, gutxiago erabiltzen dute euskara
Legazpin %33,9koa da euskararen erabilera kalean, iaz egindako neurketan jasotako datuen arabera. Hogei urte atzerago egindako antzeko kale neurketako datuak kontuan hartzen badira, orduan baino gehiago hitz egiten da euskaraz Legazpiko kaleetan orain.
Soziolinguistika Klusterrak egin du azken kale neurketa, iazko udazkenean. Behaketa zuzenaren bidez eskuratu zituzten datuak, hau da, kalean zegoen pertsona bat edo gehiagoren arteko solasaldiak kontuan hartuz. Eta hiru gune izan ziren aztertutakoak: Laubide auzoko oinezkoen kalea, hau da, taberna, denda, botika, supermerkatua, eta kutxazain automatikoaren ingurua; behe aldean, Latxartegi parkea, Patrizio Etxeberria kalea eta Kale Nagusia; eta behe aldean ere, baina Azoka gunea, udaletxearen atzealdea, ellizaren atzealdeko haur parkea, eta Aizkorri kalea.
Gazteen artean gora
Azken kale neurketa honek utzitako datu baikorrak aztertzeko, hizkuntzaren ezagutza maila aipatu behar da lehenik, eta hori %65 ingurukoa da. Erabilera, aldiz, %33,9koa da, hau da, euskara ezagutzen duten erdiek baino ez dute hitz egiten kalean.
Erabileraren adierazle nagusiak 2001etik bost urtean behin egiten diren kale neurketak dira. Horietan jasotako datu orkorrak ikusita, erabilerak dezente egin du gora: 2001eko erabilera orokorra % 21,5ekoa zen, eta 2021ean,20 urte geroago, % 33,9koa da, hau da, 20 urtetan 12,4 puntutan igo da. Igoera hori, hala ere, moteldu egin da azken urteetan, 2016an egindako neurketan, % 32,9koa zela jaso baitzen; azkeneko bost urteotan, beraz, puntu bat bakarrik egin du gora.
Baina horri buelta emateko moduko datuak utzi ditu azken azterketak, gazteak izan direlako euskararen erabileran gora gehien egin dutenak: 2016an, 15 eta 24 urte bitarteko gazteen arteko erabilera % 34koa zen eta iazkoan %48,3koa izatera iritsi zen.
Datu kezkagarriak
Azken neurketak, bestalde, datu kezkagarriak ere utzi dutu. Izan ere, euskararen erabilerak nabarmen egin du behera haurren artean (2-14 urte). Horrela, orain dela bost urte, 2016an, haurren arteko erabilera % 45,9koa zen eta bost urte beranduago, iaz, %38,4ra jaitsi da erabilera hori.
Gainera,herriko gune guztietan ez da berdin erabiltzen euskara. Hala, goialdeko auzoetan, Hegialden, % 22,9koa da erabilera eta, behealdean, Latxartegi parkearen eta kultur etxearen inguruan, %43,8koa.
Horiek baino datu gehiago jaso ditu Soziolinguistika Klusterrak txosten batean, eta nahi duenak denak ikus ditzake legazpi.eus webgunean.