Realeko 'Burdinezko atzelariaren' zango-babesa Mirandaolan forjatu dute
Le Normand jokalariari fitxa berritu diotela jakinarazteko bideoa burdinolan grabatu dute. Lazslo Hace produktorak egin du lana. Mediavilla eta Altzelai olagizonak dira bideoko protagonistak
Realak Mirandaola burdinolan grabatutako bideo bat kaleratu berri du, Robin Le Normand jokalariari 2026ra arte fitxa luzatu diotela jakinarazteko. Lazslo Hace produktorak egindako bideo horretan, bi olagizon agertzen dira lanean, Realak Burdinezko atzelaria izendatu duen jokalariarentzako zango-babes bat forjatzen.
Ricardo Mediavilla eta Txomin Altzelai dira bi olagizonak, eta burdinola martxan jarrita, burdinezko zango-babesarekin lanean ikusten dira. Bideoaren amaieran, Le Normand bera agertzen da futbol zelaiko aldageletan, Mirandaolan egindako burdinezko babesa janzten.
Lazslo, Realarentzat lanean
Lazslo Hace ekoiztetxea duela bost urte sortu zen, Javi Lazslok zuzenduta eta bere lan esparrua publizitatera bideratuta. Iaz hasi ziren Realarentzako lanean, eta dagoeneko bideo bat baino gehiago grabatu dituzte futbol klubarentzat. Kopako finalekoa, Gabonetakoa edo This is la Real izenburukoa dira batzuk.
Azkenaldian, fitxaketak eta kontratu luzapenak iragartzeko beste bideo mota batzuk grabatzeko ere eskatu diete, eta horietako batzuk dira Diego Silva Aztia-ri eskainitakoa, Mohamed-Ali Chou Boxeolaria-rena edo Take Kubo Samurai-arena. Le Normand Burdinezko atzelaria-rena ere azken multzo honetan sartzen da.
Burdinezko zango-babesa
Javi Laszlok azaldu duenez, Realak berak ematen diete jokalari bakoitzari lotutako ideia edo kontzeptu bat, eta Le Normand-ari burdinezko atzelariarena egokitu zitzaion. Izan ere, Le Normand erdiko atzelaria da, «atezainaren zuzeneko ezkutua» eta gainera, «burdinezkoa dela ere esaten dute, ez delako lesionatzen». Kontzeptu hori Legazpiko burdinolarekin lotzea «naturala» izan zela azaldu du Lazslok, «aurretik ezagutzen genuen, eta gure lurraldearekin lotura estua adierazten zuela ere iruditu zitzaigun».
Hala, enkargua jaso zutenean Lenbur Fundazioarekin harremanetan jarri eta Mirandaola bertara joan ziren, «lokalizazioa ikusteko, zein teknika erabili behar genuen erabakitzeko, argiztapena, lekuak eskaintzen zituen aukerak… eta burdinezko zango-babes bat egiteko prozesua ezagutzeko». Mediavilla eta Altzelairen partaidetza ezinbestekoa izan da bideoan, batez ere Mediavilla errementariarena, «zango-babesa berak egin zuen, bideoan agertzen dena benetazko burdinezko pieza bat da».
Grabaketa egin zuten egunean, bi olagizonek ez zekiten nori eskainiko zioten, «kontratuaren luzapena oraindik sinatzeke zegoen, eta sekretuan mantendu behar izan genuen» dio Lazsloak. Lehen zatia burdinolan grabatu zuten, eta bigarrena, Le Normand berarekin, aldageletan. Realak uztailaren 20an jakinarazi zuen berria, Legazpiko grabazioa egin eta 15 egunetara.