Almitza elkarteko segalariak Bavieran taldeka lehiatuko dira
Europako bost naziotako segalariek parte hartuko dute, abuztuaren 14an. Lau talde osatu dituzte euskal segalariek, gizonak, emakumeen bi eta gazteak. Bi goierritar
Bigarren urtez jarraian, aurten ere Europako Sega Txapelketarik jokatuko ez den arren, Almitza elkarteko segalariek egingo dute kontinentera kirol bidaia, bi urteko lehorraldia bukatzeko. Bavieran urtero antolatu ohi duten taldekako sega txapelketa batean lehiatuko dira 15 euskal segalari, abuztuaren 14an.
Europako Txapelketa iaz eta aurten bertan behera gelditu da. Esloveniari zegokion iaz antolakuntza, eta pandemiagatik egin ezin izan zutenez, aurten ziren txandari heltzekoak. Baina ez da aurrera atera. Horren ordez, Almitzakoak, Euskal Herria ordezkatuz, Thundorf herrian (Baviera, Alemania) izango dira. Lurrez alemaniarra den arren, Austriako mugan dago, Salzburgotik kilometro gutxira.
Bost naziotako taldeak ariko dira, gutxienez: Suitza, Hego Tirol, Austria, Baviera eta Euskal Herria. Esloveniarren eta txekiarren partaidetza ikusteko dago.
Hiru mailatan, lau talde
Sega txapelketa abuztuaren 14an jokatuko da, goizean hasita. Kanporaketa eran lehiatuko dira taldeak, eta maila bakoitzeko hiru onenak igaroko dira arratseko finaletara. Gizonetan, emakumeetan eta 16 urtez azpiko gaztetxoetan bereizi dituzte mailak.
Euskal ordezkaritzak hiru kategorietan izango ditu taldeak, launa segalarik osatuta. Gizonezkoetan Bixente Mitxelena, Mikel Lizartza, Koldo Artzelus eta Migel Mari Jauregi Altzo zaldibiarra ariko dira.
Emakumeetan bi talde osatu dituzte, azken boladan segalaritzan hartu duten presentziaren eta indarraren seinale. Talde batean Maria Luisa Gabilondo, Alaitz Imaz, Jugatx Agirre eta Maide Garmendia zaldibiarra ariko dira; bigarrenean Bakartxo, Ixabel Ansa, Aloña Jauregi zaldibiarra eta Uxue.
Gaztetxoetan, berriz, Oier Mitxelena, Uxue eta Mattin Etxarri euskaldunei, austriar bat gehitu zaie, laukotea osatzeko.
Dokumentalerako irudiak
Euskal segalarien espedizioa hogei lagunek osatuko dute. Abuztuaren 9tik 17ra egingo dute bidaia Bavierara.
Aztala lurrean dokumentalerako irudiak hartzeko ere baliatuko dute nazioarteko lehiaketa. Txapelketa nagusiaren faltan, Europako giroa, antolamendua, janzkerak eta ohiturak ere islatu nahi dituzte, ikuskaria bukatzeko. Kontinenteko hitzordua baino xumeagoa den arren, lehen ere Almitzak sarritan parte hartu duen Bavierakoa hartuko dute.