Feria motza, baina nahiko emankorra Ordizian
Santanazaleen ospakizunak eragina izan du uztaileko azken feria honetan, eta leku eta denbora gutxiago izan dute saltzaileek Plaza Nagusian. Batzuek kale egin dute, baina berritasunik ez da falta izan.
Santanazaleek ere Plaza Nagusia behar zutela-eta, atzoko feria ordutegi eta espazio murriztuekin egin zen. Ohi baino saltzaile gutxiago ere agertu ziren asteazkeneroko hitzordu honetara, baina berritasun batzuk aurkeztu zituzten. Hutsuneen artean, nabaria zen perretxiko saltzaileena, mikologia eskaintzarik gabe geratu zelako feria. Lore saltzaileak ere ez ziren agertu, eta fruta saltzaileenean, hiru postu zeuden bakarrik.
Berritasunak, ordea, agertu ziren, eta Edurne Jauregiren postuan izan ziren gehienak. Frutak aipatu behar dira lehenik, urteko lehen basaranak jarri zituelako salgai baliarraindarrak, kilo batzuk gainera. Kiloa 5,5 euroan saldu zuen. Bestetik, sagar barietate berri bat ere aurkeztu zuen, Santiago edo Santio sagarra. Jateko gazi-gazia omen da, eta berak sagar-dultzea egiteko erabiltzen omen du gehien bat, garai honetan bertan hasita. Kiloa euro batean zuen salgai, «asko» dutelako. Barazkien atalean, bestetik, eskarola eder askoak ere bazituen postuan, «berriak eta bigun-bigunak, entsaladan jateko gertu». Goiz iritsi da eskarola aurten, udazken-neguko barazkia delako.
Leka gorria
Edurne Jauregik leka gorria ere bazuen, baina ez zen bakarra, atzo Jokin Intxaustiren eskuetan zegoen Zeraingo Mendarte baserrikoen postuan eta Aramako Arantxa Zurutuzarenean ere bazutelako. Kiloak 6 eta 7 euro artean egin zuen. Leka hau Buenos Aires barietatekoa da, nahiko estimatua erosleen artean, ohiko leka baino bigunagoa delako jateko orduan.