Ataunen aste osoan medikurik ez daukatela deitoratu du udalak
Bukatzear den aste honetan Ataunen medikurik gabe egon direla eta daudela ohartarazi zuen atzo Ataungo Udalak. Osakidetzak «azken orduko gora-beherak» egotzita, Lazkaoko osasun zentroan bildu ditu Ataun, Lazkao eta Olaberriarako dauden medikuak, «hiru bakarrik». Egoera noiz arte luzatuko den ez dietela argitu: «Ez dakigu aste honetako kontua den, bi astekoa edo uda bukatu bitartekoa».
Erizaina egongo da, baina medikuarenera Lazkaora joan beharko dute ataundarrek.
Aurreikuspen falta eta «azken boladan antzematen ari ginen gero eta zerbitzu eta arreta eskasagoa» salatu ditu udalak. «Uda honetan argi ikusiko ditugu murrizketen ondorioak».
Hiru eskakizun
Urte osoan, udan barne, egunero Ataunen medikua izatea eskatu du udalak. Bestetik, mediku egoiliarren kontratazio eredua aldatzeko eta kontratu egonkorrak eskaintzeko, eta lehen arretako profesional kopurua handitzeko eskatu dio Osakidetzari.