Esperimentutik esperimentalera
Modesto Newhouse izen artistikoaren atzean dagoen Xabier Etxeberriak lehenengo diskoa argitaratu du: 'Ez dut amets handirik'. Gitarra oinarri, efektu eta soinu txertaketa da emaitza.
Birusaren itxialdian iragarri zuen, 2020 martxoa abestia atera zuenean, eta hitza bete du. Kalean eta sarean da Xabier Etxeberria ataundarrak (Modesto Newhouse du izen artistikoa) ondutako lehen diskoa: Ez dut amets handirik. Musika esperimentalaren sehaskan sar litekeen sormena irauli du sei abestitara, konfinamenduko hura barne.
«Proiektu oso pertsonala» definitu du Etxeberriak. Denbora joan zaio 2020ko udaberritik gaurdaino, lana, familia eta bestelakoak tarteko; baina hala nahita ere bai. «Bunker bat bezala da, gaur egun bizi garen modu honetatik kutsatu gabeko proiektu bat. Ez daukat datarik bukatzeko, ez presio ekonomikorik… gogoak emandakoa egin dut. Horrela izatea nahi dut gainera». Tituluaz beste, ezin amets handiagorik izan.
Hasi eta buka, ia dena
Berak grabatu du musikarik gehiena, berak konposatu, berak nahastu. Argitaratzeko, berriz, Tolosako Bonberenearen tenplura jo nahi zuen, eta Karlos Osinagak masterizatu dio. «Nik ezagutzen ez nuen teknika berri batekin masterizatu du, gainera, eta oso gustura nago».
Gitarra flamenkoa du oinarri diskoak, 2017an Andaluzian erosia. «Maitemenduta nago harekin», aitortu du. «Emaztearen familia andaluziarra da, eta 15 urte hara joanez nabil. Hango kulturak heldu nau, eta aluzinatu nau gitarra flamenkoaren soinuak».
Gitarra elektrikoa, akustikoa, bestelako hotsak eta sintetizadorea ere erabili ditu. Izana lehen kantua, adibidez, Joxe Migel Barandiaran zenaren ahotsarekin hasten da. Kulturaren ikerketa, euskara, gizarteaz hausnartzen du, abestian zehar. Gitarra flamenkoaren soka joaldi urratuen melodiek segitzen diote ataundarraren hizketa biziei.
Kanpaitxoak, baseak, akordeak, ahots efektuak ere konstanteak dira. Danon beharra arin-arina, berriz, langa bat ixtean ateratzen duen zarata metalikoarekin hasten da. Azentzio Aierbe ikazkinaren Lareoko txondorreko hitzak ditu gero.
Diskoaren asmoa, euskal eta andaluziar kulturek damaiotena uztartzea da. «Ni ataundarra naiz, 35 urtean bizi izan naiz han, eta bost daramatzat Ordizian. Denbora gehiena Ataunen eta Andaluzian pasatu dut, eta diskoaren esentzia hortik doa».
Bizitzaren jira-birak
Kulturartekotasun haritik urrunduta, Bizitza zirkularra abestia sartu du, diskoaren aurrerapen pieza ere badena, 10 minutukoa. «Marketin estrategia porrotera kondenatutakoa daukat», dio umoretsu. Valentin Fuster kardiologo bartzelonarraren liburuan (El circulo de la motivacion) leitutako bizitzaren espiraltasun kontzeptuak ernearazi dio. «Mundu guztia espiral batean bizi garela dio; hasierako motibazio momentua, bukaerako errealizazio sentsazioa, eta geroko inaktibitatea, frustrazio momentua dakarrena. Berriz motibatu arte. Bizitza da espiral hori», ziurtatu du Etxeberriak.
Kolaborazioak ere izan ditu. Haize tresnak Jon Urbizu tolosar ikertzaile eta lagunak sartu ditu, eta bateria, panderoa eta perkusioak Julen Goikoetxeak, Bi Bala taldean bateriajole eta kide ohia.
Biniloan 165 kopia aterako ditu. Txekiatik ekartzeko garraio arazoak noiz konponduko zain dago. Zuzenean jotzeko asmorik ez dauka oraingoz; «aurrerago, ez dut baztertzen». Ez du amets handirik, baina amesti jauzi egin du musikaren besoetara, esperimentuekin esperimentalduz.