Kristina Galarragak izarretara bidaiatu du aurtengo bigarren lanean
'Paula, la aviadora de las estrellas' eleberria argitaratu du. Amelia Earhart hegazkinlariaren bizitza moldatu du. Amodioa, berdintasuna, natura kontserbazioa... jorratu ditu idazleak
Kristina Galarragaren azken eleberria —Paula, la aviadora de las estrellas— irakurtzen duena geldialdirik gabeko bidaia batean murgilduko da: familia txiro batean jaiotako neska bat da protagonista; auzotarren laguntzarekin hegazkin pilotu izateko ikasketak aterako ditu eta Afrikara bidaiatuko du, besteak beste; Malawin, kontinenteko herrialderik behartsuenetariko batean, ahaztutako neskak ezagutuko ditu. Beraiei laguntzea erabakiko du, berari lagundu zioten bezala. «Amelia Earhart hegazkinlariaren bizitzan oinarritu naiz. Gizonezkoen esparru batean bidea ireki zuen, sekulako balentriak egin zituen, Lehen Mundu Gerran erizain gisa laguntzera joan zen… Baina bere bizitzari nire ukitua eman diot. Natura eta animaliak sartu ditut, amodioa, berdintasuna…», azaldu du idazleak.
Printze Txikiaren istorioarekin alderatu du idazteak, «baina alderantziz». «Fokua printzean kokatu beharrean hegazkin gidaria da protagonista».
Paula, la aviadora de las estrellas nobela atzo jarri zen salgai, Jon prentsa dendan, Kutixi ganbaran, Fashen eta Dolarean. Rubric argitaletxearen webgunetik ere eros daiteke. «Inoiz ez da idazleentzako garai ona, baina oporretan jendeak gehiago irakurtzen du», aitortu du. «Idazleak irakurleak behar ditu. Norbaitek irakurri nauela esateak sekulako indarra ematen dit», gaineratu du. Galarragaren bolaluma abiadura handikoa da. Paula, la aviadora de las estrellas aurten argitaratu duen bigarren lana da: urtarrilean La mirada de Mikel eleberria argitaratu zuen. Lau eleberri ditu denera; Una vida contigo memoria bilduma argitaratua zuen aurretik, Axier semearen omenez.