Herri kirolak eta giro ona Zeraingo plazan
Herri kirolak izan dituzte arratsaldean Zerainen. Bi talde parez pare lehiatu dira garaipena eskuratzeko. Guztira zortzi proba desberdin egin dituzte.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2022/08/mg_8649-1200x800.jpg)
Atzo eman zieten jaiei hasiera ofiziala zeraindarrek, pregoiarekin eta ohiko sagardo dastaketa eta txahal janarekin. Gaur goizean hainbat ekintza izan dituzte, hala nola, pilota partidak, txakolin dastatzea eta jateko tartea eta abar. Arratsaldean, aldiz, herri kirolen txanda izan da. Arratsaldeko 18:30etan hasi dira herri kirolak Zeraingo plazan. Bi talde nor gehiagokan aritu dira, zortzi proba desberdinetan. Herri kirolei hasiera eman aurretik harri-jasotzaileek ikuskizun txiki bat eskaini dute. Behin jokoa hasi denean, lehenengo, harri-jasotzaileen unea izan da eta hauen ondoren etorri dira gerokoak: ingudea, oskolak, zakua, txingak, trontza, korrika eta aizkora. Proba bakoitza lau aldiz egin dute eta azkenan, urdinen taldea gailendu da. Hasiera-hasieratik hartu dute aurrea, batez ere trontzan eta horrek asko erraztu diete bidea urdinei.
Iluntzeko eta gaueko egitaraua
- 20:30 Triki-poteoa mozorrotuta BALANTZA taldeko kideekin
- 21:30 Gazte afaria mozorrotuta eliz atarian
- + BALANTZA erromeria taldearekin dantzaldia