Bizikleta artean igaro dute goiza Gabirian Andra Mari egunean
Pedalak jo ta su astinduz ibili dira gabiriarrak Ormaiztegitik Gabiriarako igoeran. Parte-hartzaile guztiak iritsi dira helmugara eta hainbat sari banatu ondoren hamaiketakoa egin dute Osinalde Elkartean.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2022/08/mg_9992-1200x800.jpg)
12:00ak aldera su ziriarekin eman diote hasiera XXVIII. Gabiriako txirrindulari igoerari. Gabiriar ugari izan dira kaskoa eta bizikleta hartu eta pedalak astintzera ausartu direnak Andra Mari eguneko goizean. Lehenengo 8 urtetik beherakoen txanda izan da, ibilbide laburragoarekin eta ondoren, Ormaiztegitik abiatu dira 8 urtetik gorako txirrindulariak. Adin desberdinetako parte-hartzaileak izan dituzte. Jokin Matxinandiarena gailendu da lasterketan, gizonezkoen kategorian. Emakumezkoenean, aldiz, Naiara Peñagarikano izan da gaurkoan txapela jantzi duena. Matxinandiarenaren atzetik Jon Eskisabel iritsi da, bizi-bizi eta bigarren emakumea Idoia Maiz izan da. Beste hainbat sari ere banatu dituzte, hala nola, gazteenarena, zaharrenarena, sprint-ekoa, azkenekoarena eta abar. Sari banaketarekin batera bi oilasko zozketatu dituzte sarituak izan ez diren parte-hartzaileen artean.
Behin lasterketa eta sari banaketa amaituta Osinalde Elkartean hamaiketakoa egin dute, goizari itxiera borobila emateko.