Kuadrillen eguna Zegaman
Kalean dira iada kuadrillak Zegaman, blusa koloretsuekin herria alaitzen. Joselontxos txaranga izango dute gaurkoan egun guztian bidelagun.

Zegamako San Bartolome Jaiak amaierara iristen ari dira iada, baina oraindik ez da nabari amaiera usainik Zegaman. Gaur, herria inoiz baino koloretsuago jantzi dute kuadrillek, blusak jantzita atera baitira kalera jaietako azken aurreko egunean. Goizean toka txapelketa izan dute herritarrek eta ondoren, Joselontxos txaranga iritsi da plazara, musika tresna guztiak hartuta, giroa berotzeko prest. Orduan hasi dira kuadrillak plazara gerturatzen gogotsu eta txarangaren inguruan batu dira adin desberdinetako zegamarrak.
14:30etan elkartuko dira kuadrilla guztiak Aitxuri Herri Eskolako atarian, bazkarirako. Joselontxos txaranga ere bertan izango da, gaurkoan Zegamako kuadrilla eguneko soinu banda izango baita. Arratsaldean, txikienek dibertsiorako tartea izango dute puzgarriekin, 16:00etatik 19:00etara. Gazteek ere ez dute aspertzeko tarterik izango, kuadrillen arteko olinpiadak egingo baitituzte. Ondoren, 19:30etan kuadrillen kalejira hasiko da, buruhandi eta erraldoien laguntzarekin Zegamako kaleak astintzen. Gauean musika eskaintza izango da plazan. Lehenengo Lehian taldearekin erromeria izango dute 21:00etatik 22:00etara eta 23:00etatik 03:00etara. Jarraian, DJ Tintz-en txanda izango da. Azken emanaldi honek inguruko herrietako gazteak mugituko dituelakoan daude zegamarrak eta herria jendez gainezka izango dute gauean, parranda gogoz.