Ispilla, ikasturte berrirako prest
Ispilla kiroldegian hobekuntzak egin dituzte ikasturte berriari begira. Igerilekua garbitu dute eta sarbideetako paretak margotu dituzte. Gainera, ikastaro gehiago egongo dira.
Ikasturte berriaren hasierarekin bat, jende askok kirola egitea erabakitzen du. Horren jakitun, abuztuan kiroldegietan geldialdiak egiten dituzte instalazioak txukuntzeko. Zumarragako Ispilla kiroldegian ere hala egin dute. Abuztuan igerilekua garbitu dute eta sarbideetako paretak margotu dituzte, besteak beste. Kiroldegia joan zen astean ireki zuten.
Abuztuaren 22an ekin zion Zumarragako Ispilla kiroldegiak 2022-2023 ikasturteari. Kiroldegiak itxita eman dituen bi asteak igerilekua husteko, garbitzeko eta berriro betetzeko aprobetxatu dira. Era berean, igerilekuko ura garbitzen duten bi iragazkietako bat konpondu dute. Hemendik aurrera beira erabiliko da harearen ordez. Horrela, iragazketaren kalitatea hobetzea espero dute.
Horretaz gain, Ispilla kiroldegiko eskaileren inguruko paretak margotu dira. Baita aldageletatik igerilekura joateko zeharkatu behar den korridoreko horma ere. Paretak zuriz margotu dituzte. Hala, sarbideei argitasuna eta garbitasuna ematea lortu da.
Aipatutako lan horiek, ekainean gimnasioan egin zen berrikuntza sakonari eta ur bero sanitarioa garraiatzeko hoditerian egindako aldaketei batu zaizkie.
Gimnasioko zorua egoera txarrean zegoen eta berria jarri zuten. Inbertsioa 20.000 eurokoa izan zen. Horretaz gain, makina, ispilu, haltera, banku eta barra berriak jarri zituzten. Inbertsioa 18.000 eurokoa izan zen.
Bestalde, Zumarragako Udalak bi kamera jarri zituen kiroldegian eta Argixaon, bertan jokatzen diren partidak Internetez eman ahal izateko. Gainera, kirolarien errendimenduaren inguruko datuak jasotzea ahalbidetuko dute. Inbertsioa 18.000 eurokoa izan zen.
Horretaz gain, higiene plan bat egin zen eta paper eta xaboi banagailuak kendu ziren kontsumoa murrizteko, higienea hobetzeko eta material jasangarriagoak erabiltzeko. Bukatzeko, ur bero sanitarioaren hoditeria aldatu zen. Legionelosia ekiditeko, ur hori 70ºtara egon behar da eta PVC materialez egindako hodietan ihesak egoten ziren. Altzairuzkoak jarri ziren. Aurrekontua 9.500 eurokoa izan zen.
Webgunea
Datozen hilabeteetan ere hobekuntzak egingo dira. Irailean kiroldegiaren webgunea abian jarriko dute. Webgunean eskaintzen diren jardueren berri emango da eta horietan izena emateko, kiroldegiko bazkide egiteko eta instalazioen erreserba egiteko aukera egongo da.
Amaitzeko, urtea bukatu aurretik arte martzialen gelako tatamia aldatuko da.
Instalazioetan hobekuntzak egiteaz gain, ikasturte honetan ikastaroen eskaintza nabarmen handituko da. Joan zen ikasturtean eskaintzen ziren jarduerez gain, jumpfit, strong zumba, HIIT, hipopresibo, body balance, ciclo eta krossfit gazte ikastaroak egingo dira. Horretaz gain, ordu erdiko saioak eskainiko dira kontziliazioa errazteko.