Pieza berria urriaren 28ra arte ikusgai Zumalakarregi Museoan
'Tomas Zumalicarragui and the Christino spy" grabatua dohaintzan eman zion Obieta Villalonga familiak museoari.
Zumalakarregi Museoak pieza berri bat jarri du erakusgai, Tomas Zumalakarregiren erretratua jasotzen duen koadroa, alegia. Tomas Zumalicarregui and the Christino spy grabatua Obieta Villalonga familiak museoari 2019an egindako dohaintza da. Urriaren 28ra arte egongo da ikusgai.
MusealiaK Zumalakarregi Museoaren ondare sentsibilizaziorako proiektuaren 7. edizioaren barruan kokatzen da pieza. Koadroak museoaren ibilbidean garrantzia duten xehetasunak azaltzen dira.
Tomas Zumalakarregi agertzen da, eta haren atzean Charles Frederick Henningsen, Zumalakarregi bizirik margotu zuen pertsona bakarra. Zumalakarregiren lehenengo biografia idatzi zuen 1836an: The Most striking events of a Twelvemonth’s Campaign with Zumalacarregui in Navarre and the Basque Provinces. Koadroaren aurrealdean, berriz, Lord Elliotek Tomasi oparitutako kataloxa azaltzen da, museoko erakusketa egonkorrean dagoena.
Piezen inguruko gogoeta
XIX. mendeko Jon Frederick Lewis eta Charles G. Lewis anaiek Frederick Christian aitarekin egindako grabatua da ikusgai dagoena, 1841ekoa. Piezaren bidez garai hartako gizartearekiko hausnarketa bultzatu nahi du museoak.