Sustraiak dantza taldea, haurren ikastaroak martxan jartzeko prest
Ikasturte berriari ekingo dio Legazpiko dantza taldeak bihartik. Umeen ikastaroetarako izen-ematea bihar-etzitan egin beharko da.
Oporrak amaitu dira Sustraiak dantza taldeko kideentzat, eta bihar bertan ekingo diote ikasturte berriari, haurren ikastaroentzako izen-ematea irekita. Sustraiakekin dantza egiten ikasi nahi duten haurrek bihar eta etzi eman beharko dute izena, taldearen egoitzan edo posta elektronikoz. Lokalean 18:30etik 19:30era egongo dira, eta posta elektronikoa hau da: sustraiakdt@gmail.com.
Ikasturte berrian hiru talde osatuko ditu dantza taldeak. Lehenengo taldea 2017an jaiotakoentzat izango da, eta asteazkenetan izango dituzte entseguak, 17:00etatik 18:00etara. Bigarren taldea, aldiz, 2016, 2015 eta 2014 urteetan jaiotakoentzat izango da, eta entseguak astelehenetan, astearteetan eta ostegunetan egingo dituzte, 17:00etatik 18:00etara horiek ere. Hirugarren taldea 2012, 2011 eta 2010 urteetan jaiotakoek osatuko dute, eta horien entsegu egunak astelehenak, astearteak, asteazkenak eta ostegunak izango dira, 18:00etatik 19:00etara.
Aurreko ikasturtean egin zuten bezala, bigarren eta hirugarren taldekoek bi egun aukeratu beharko dituzte entseguetarako. Bestalde, dantzari txikienen taldea sortzeko nahiko jenderik ez bada elkartzen, ordutegi hori bigarren taldekoentzako gordeko dute.
Txapelketetan arituko diren dantzarientzako taldeak ere izango dira, eta horiek ostiraletan eta larunbatetan elkartuko dira. Ordutegia taldea osatutakoan zehaztuko dute.
Ikastaroetako taldeak osatu ondoren, ikasturte berria hasiko du Sustraiak dantza taldeak. Ekitaldi bat baino gehiago dituzte hitzartuta dagoeneko Legazpiko dantzariek datozen hilabeteetarako.