Urbi Berri gizarte zentro berria irailaren 16an zabalduko dute
Jubilatuen egunarekin sinkronizatu dute irekiera. Erretiratuen bazkaria hilaren 18an izango da, Plazapean.
Urbi Berri gizarte zentroa irailaren 16an irekiko dute. Lehenago zabaldu nahi zuten baina obrak luzatuz joan direlako eta tartean festak eta udako oporraldia izan direlako ikasturte hasierarekin batera hasiko da martxan. “Ilusioz” ekingo diotela aipatu dute zuzendaritzako kideek.
Lokalak 650 metro karratu ditu, solairu bakarrean eta espazio ezberdinetan banatuta: pintxoak eta edariak eskainiko dituen taberna bat, erabilera anitzeko gelak, hiru komun… Erabat irisgarria da. Nafarroa hiribidea eta Oriamendi kaleak lotzen dituen igogailuaren bidez iritsi ahal da bertara eta barruan ez du inolako koxkarik. Arduradunek erdigunean kokatu nahi zuten eta kokapen berriarekin gustura daude.
Denbora librea modu eraginkorrean okupatzeko jarduerak egingo dituzte, besteak beste. Adibidez, eskulanak, pintura, zur-tailuak, txangoak, jolasak,txapelketak… Ezagutzak hobetzeko prestakuntza-jarduerak ere izango dituzte: informatika, euskara, gizabidezko hezkuntza, irakurketa… bai eta osasunaren prebentziorako jarduerak: oroimena lantzeko jarduerak, estimulazio fisikoa eta kognitiboa, antzerkia, zahartzea, yoga… Ikastaroetan izena emateko epea bihar zabalduko da, Urbi Berri egoitza berrian bertan.
Jubilatuen eguna
Urbi Berriren inaugurazioa erretiratuen egunarekin sinkronizatu dute. Izan ere, hilaren 18an izango da euren eguna. 12:00etan elkartuko dira, parrokian, mezetara joateko; amaitutakoan, Plazapean bazkaldu egingo dute. Tiketak bihar jarriko dituzte salgai, Urbi Berrin, 17:00etatik 19:00etara. Irailaren 14ra arte egongo da sarrerak erosteko aukera, lehenago amaitzen ez badira. 300 lagunentzako tokia izango da; arratsaldean, elkarteko bi kide omenduko dituzte eta dantzaldia egingo dute.