Legazpiko Erreka Eguna irailaren 24an izango da aurten
Urola ibaiko eta ondoko erreketako zaborrak bilduko dituzte legazpiarrek, festa giroan amaituko den goizean zehar.
Aurtengo Erreka Eguna irailaren 24an egingo da Legazpin, larunbatarekin, eta jarduera horren 18. edizioa izango da. Ohi bezala, larunbat horretako goizean boluntarioek Urola ibaia eta ondoko errekak garbituko dituzte, hainbat taldetan banatuta. Lana amaitutakoan, bildutako zabor guztia ikusgai jarriko da udaletxe ondoko plazan, ibaiak garbi mantentzearen garrantziaz sentsibilizatzeko. Erreka Eguna festa giroan amaituko da, Katta-gorri elkarteak Azokan eskainitako hamaiketakoarekin.
Erreka Eguna 2004an sortu zen Legazpin, orduan egiten zen Eskola Agenda 21 foroaren baitan. Ordutik urtero egin da, 2020an izan ezik. Egun honetan ez dira erreka bazterrak garbitzen, baizik eta ubidean eta bazterretan dauden zaborrak.