Legazpin elkartuko dira berriz artzainak igandeko festan
Ohiko formatuarekin ospatuko da Gipuzkoako Artzain Eguna. Ardi gazta lehiaketak 38. edizioa izango du, ardi okelarenak 30.a, eta txakurrenak, 53.a.
Gazta da Artzain Eguneko osagaietako bat, eta gaztaren inguruko ekitaldi batek irekiko du aurtengo festa. Artzain Eguna igandean ospatuko da Legazpin, eta aurrerapen gisa, gaur Bidean izeneko dokumentala proiektatuko dute Kultur Etxean, 19:00etan, Aritz Ganboa artzain mediatikoak Nafarroako Arruazu eta Izaba artean gazta bat soinean zuela korrika egindako bidea kontatuz. Ganboa bera bertan izango da, baita lanaren zuzendari Xabier Unanue ere.
Igandean itzuliko da Ganboa Legazpira, eta berarekin batera, artzain gehiago ere bai, goiz eta arratsaldez ospatuko den festaren aitzakian.
Lehiaketak eta omenaldiak
Euskal Herria plaza izango da festagune nagusia 10:00etatik 13:30era. Ohiko ekitaldiak izango dira, tartean gazta dastaketak eta salmenta, sagardo dastaketa, txakurren trebatze erakustaldia eta ardiari ile mozte erakustaldia. Musikarik ere ez da faltako, ezta artisauen postuak ere.
Gipuzkoako Artzain Gazta lehiaketaren 38. edizioa ere jokatuko da, lurraldeko gaztagileei zabalduta, eta horrekin batera, ardi okelaren prestatze txapelketa ere bai, 30.a.
Omenaldiak ere izango dira. Xexilio Goñi artzain gipuzkoarra, Tomas Ibarra eta Luzio Irisarri artzain amerikarrak eta Maria Luisa Alberdi eta Juan Ezenarro izango dira aurtengo omenduak.
Festak Urtatzan jarraituko du arratsaldean, artzain txakurren txapelketarekin.
Legazpin, 1990etik
Artzain Eguna 1990etik egiten da Legazpin, baina 1986etik bailara mailako gazta lehiaketak egiten ziren bertan. Artzainen festa Legazpin egitearekin batera, ardi okelaren txapelketa ere hasi zen, eta aurten 30. edizioa du. Gipuzkoako gazta lehiaketa zaharragoa da, eta 38. ediziora iritsi da. Zaharragoa da artzain txakurrena, 53. ekitaldiarekin. Artzainen omenaldiak, berriz, 1994an hasi ziren egiten, eta 1998an, Ameriketan ibilitakoei.
Artzain Egunean ez da Erraizabalgo gaztarik eta ardirik izango aurten
Aurtengoa Artzain Egun berezia izango da Erraizabalgo Juan Joxe Aranguren, Arantxa Segurola eta bikotearen alaba Paularentzat. Familia buruak jubilatu egin dira, eta kanporako gazta egiteari utzi egin diotenez, ez dira aurreko edizio guztietan bezala gazta saltzen izango eta lehiaketan ere ez dute parte hartuko. Ohiko ardi lehiaketetan ere ez dute parte hartuko.
Ardi guztiak ez dituzte kendu ordea, eta gazta egiten jarraitzen dute oraindik, baina etxerako,
familiakoentzako eta lagunentzako bakarrik. Artzain izaten jarraitzen dute beraz, eta igandean Legazpiko plazan izango ez badira ere, ospatuko dute egun hori, modu berezian, hori bai.
Erraizabalgoak ezinbestekoak izan dira Artzain Egunean, eta Juan Joxe Aranguren festaren antolatzaile oso aktiboa izan da gainera, Legazpin 1990ean egiten hasi zenetik.
EGITARAUA
Artzain Eguna, irailak 4
- 09:45-10:30. Gaztak jasotzea.
- 11:00. Gipuzkoako Artzain Gaztaren 38. Lehiaketa. Epaileak: Idiazabal jatorri deiturakoak, Araba, Bizkai eta Nafarroako artzain bana, eta hiru legazpiar (Ane Odriozola idazlea, Mikele Arizkorreta aktorea eta Baladi Goiburu sukaldaria).
- 11:00. Gaztagintza tailerra haur eta gaztetxoentzat; gazta dastaketa eta herritarren saria; Legazpi Musika banda, kalejira.
- 11:30. Sagardo dastaketa (bost postu) eta gazta (zazpi postu) eta ezti salmenta (hiru postu).
- 11:45. Artzain txakurrak trebatzeko saioa EHATE-rekin.
- 12:00. Gazteen epaimahaia gazta lehiaketan.
- 12:00: Ardi okelaren lehiaketa (lau elkartek parte hartuko dute).
- 12:15. Ardi mozketa.
- 12:45. Ardi-okelaren banaketa.
- 13:00. Artzainei omenaldiak: Xexilio Goñi artzain gipuzkoarra, Tomas Ibarra eta Luzio Irisarri, Ameriketan izandako artzainak eta Maria Luisa Alberdi eta Juan Ezenarro berastegiarrak.
- 13:30. Sari banaketak.
- 14:30. Herri bazkaria Aitxurin.
- 17:30. Gipuzkoako 53. Artzain Txakur Txapelketa. Urtatzan. Mutrikuko Jabier Zubiaurre (Mendi I), Oñatiko Migel Arregi (Lagun eta Goiz); Ataungo Aitor Tato (Bat); Oñatiko Jose Mari Bengoa (Zeu) eta Arrasateko Jesus M. Plazaola (Mendi II).
- Tritikitxa doinuak. Elustondo anai-arrebak girotuko dute goiza trikitixarekin.
- Goizean: Latxa arrazako ardi eta arkazta erakusketa; artisau azoka (makilak, egur eta harri tailak, haria egitea, abarkagilea, zapataria, esku pilota egilea, ukenduak, arropa…).