Olaberriko argazki zahar bilduma liburuxka batean jaso eta banatu du Olargik
'Olaberria argazkietan' liburuan 1890etik 1970erako irudiak sartu dituzte. Oroimen historikoaren lanketarako herritarrek utzitakoak dira. Udalak argitaratu du, eta han har daiteke
Oroimen historikoaren lanketa 1936ko gerratik eta gerra ondorenetik ia mende betera zabaldu dute Olaberrian. Abuztuaren amaieran argitaratu dute Olaberria argazkietan 1890-1970, A4 neurrira egindako 130 orrialdeko dokumentu grafiko zaindua, edizio txukunarekin eta diseinu erakargarriarekin.
Olargi memoria taldeak eta Olaberriko Udalak argitaratu dute lana, Gogora institutuaren eta Gipuzkoako aldundiaren laguntzarekin. Herritarren partaidetza du oinarri, olaberritarrei eskatu eta haiek utzitako argazki zaharrekin osatu baitute herriko historiaren, tokien eta eraikin zaharren ispilu den bilduma.
Hala, etxez etxe banatu du udalak, debalde. Baserrietara eta adinekoak bizi diren etxeetara zabaldu dute dagoeneko. Jaso ez duenik baldin bada, eta interesatzen bazaio, udaletxean eska dezake ala bat.
Liburuaren lagin bat erakusketetan ikusi ahal izan da, aurrez. 2021eko uztailaren 18an, Gerra garaiko Olaberriko haurrak oroituz izeneko ekitaldian, 1936ko gerra ezagutu eta jasan zuten herritarrak omendu zituzten. Horrekin batera, 250 argazki zahar erakutsi zituzten. Iazko San Joan Txiki festan errepikatu zuten Olargik eta udalak, gero, erakusketa.
Esker oneko ordaina
«Argazkiak olaberritarrek bidalitakoak dira; herrian bizi ala ez, herriari lotuta jarraitzen duten olaberritarrek helarazitako argazkiak. Horregaitik, eta herritarrei esker ona adierazteko asmoz, Olaberriko Udalak eta Olargi Oroimen Historikoa taldeak Olaberria argazkietan liburuxka sortu dute eta herritarren artean banatu dute etxez etxe», azaldu du Olargi taldeak.
Liburuak lau atal nagusi ditu: herria-udala, eskola, herritarrak eta familiak. Olaberriko paisaiak, kaskoaren ikuspegiak, jada desagertuta dauden eraikinak, kuadrillak, ospakizun erlijiosoak eta festetakoak, familiak, eta ehunka pertsonaia daude argazkietan. Asko izen-abizenekin identifikatu eta datatu dituzte.
Bilduma honekin «bizikidetza eraikitzeko bidean» lan egin nahi dute Olargik eta udalak, «memoria landu, elkartasunean oinarritutako etorkizuna eraikitzeko».
Olaberria argazkietan liburuaz gain, badute esku artean oroimen historikoari buruzko beste proiektu bat: 1936ko gerra eta ostea ikertzeko lana. Aranzadi zientzia elkartearekin garatzen ari dira. 2023an bukatzea eta argitaratzea aurreikusi dute.