Abel Rosado buru XLI. Beasain Proban
Beasain probaren XLI. edizioa egin dute gaurkoan Beasainen. Txirrindulariz bete da herria eta Goierriko zenbait herri pasa dituzte bizikleta gainean. Bathco taldeko Abel Rosado gailendu da lasterketan.
Goizeko 10:30etan puntuan hasi dute ibilbidea parte hartzaileek, 115 km inguru aurretik zituztela. Junior kategoriako txirrindulariak izan dira gaur lehiatu direnak eta maila nazionaleko proba izan da.
Beasaingo Gernika Pasealekutik abiatu dira eta bertatik Ordizia, Itsasondo, Legorreta, Ikaztegieta eta Alegi igaro dituzte bizikleta gainean, ondoren, berriro Beasaina itzultzeko. Jarraian, Liernia igo dute Ormaiztegi igaro ondoren eta Mutilotik, Seguratik eta Olaberriatik pasa eta gero lehengo ibilbide beretik joan dira, Ordiziatik Alegiraino. Hala ere, itzuli honetan Altzora iritsi dira txirrindulariak eta bertatik Beasaina itzuli dira. Hurrengo itzulian Olaberria pasa dute eta bertatik Lazkaora jetsi dira. Beasain izan dute berriro ere erreferentzia puntu eta bertatik Liernira, Olaberrira eta Lazkaora joan dira, Beasaingo helmugan amaitzeko.
Sailkapenak
Abel Rosado izan da garailea, 2 ordu eta 45 minutuko denboran zeharkatuz helmuga. Bigarrena ere harekin batera sartu da helmugan, Mikel Uncilla sakanarra. Hirugarrena ere hortxe-hortxe ibili da, podiumeko hiru postuen artean lehian, bi segundoko desberdintasunarekin sartu baita helmugara MMR-Academy taldeko Markel Beloki.
Orokorra:
- Abel Odon Rosado (Bathco)
- Mikel Uncilla (Sakana Group)
- Markel Beloki (MMR-Academy)
Mendikoa:
- Mikel Uncilla (Sakana Group)
- Iker Perez (Electromercantil GR-100)
- Abel Odon Rosado (Bathco)
Taldekakoa:
- MMR Academy
- Electromercantil GR-100
- Bathco