Berdinketa Beasain KE-k ligako lehen partidan
0-0 amaitu da Beasain KE eta San Juan Donibane KE-ren arteko partida Loinaz futbol zelaian. Denboraldiko lehen partida izan da eta gol aukerak ere izan ditu talde beasaindarrak, nahiz eta markagailua hutsean mantendu den partida osoan zehar bi taldeentzat.
Arratsaldeko 17:00etan hasi da aurtengo denboraldi berri honetako lehen partida Beasain KE-ko lehen taldearentzat. 2.B mailako lehen ligako partida jokatu dute Loinaz futbol zelaian, harmailak nahiko beteta eta animo ugarirekin. Gaurkoan ekipazio granatearekin zelairatu dira jokalariak eta epailearen txistuak eman dio hasiera partidari. Gol aukerak izan dituzte bi taldeek, lesio baten testigu izan da harmaila gaurkoan baina giro ona izan da nagusi, bai harmailetan, bai zelaian. Atsedenera 0-0eko markagailuarekin joan dira, bigarrenean golak etorriko zirelakoan, baina iritsi behar zuen hura ez da iritsi. Hutsean amaitu da partida.