Lanurtea ondo hasteko indarra
Festa jendetsuak eta giro ezin hobekoak igaro dituzte Ataungo San Gregorio auzoan. Ekitaldi herrikoiek eta gauetako kontzertuek bisitari ugari izan dituzte, kanpotik ere
Giro ona, partaidetza handia eta oro har jende askoko ekitaldiak. Horrela laburbildu dituzte igaro berri diren San Gregorio auzoko jaiak Festa Batzordeko antolatzaileek. Ostegunetik igandera ospatu dituzte Ataungo auzo horretan jaiak, eta itzuleran, erantzun bikaina jaso dute.
Pandemia aurreko urteetatik ere bisitari gorakada eta partaidetza handitzea nabaritu dituzte. Ostegunean, pilota partidan giro onarekin hasi zen dagoeneko egitaraua. Ostirala eta zapatua ere animatuak izan ziren, batez ere gauetan. Jende asko mugitu da, eta kanpotik jendetza etorri da, gazteria asko. Eguraldiak ere lagundu du.
Zenbait emaitza
Ekitaldiei dagokienez, pilota partidan Beñat Senarrek eta Olidenek 18 eta 22 irabazi zieten Bengoetxea VI.ari eta Ibarlozari. Partida guztian aurretik joan ziren Senar eta Oliden, nahiz 18ra arte borrokatua suertatu zen. Azken unean hautsi zen.
Tokan, zapatuan, helduetan Agustin Munduate izan zen txapeldun, 7 jota. Aritzekin kitarakoa jokatu zuen. Umeetan, Ortzi izan zen garaile. Mozorrotuen festa ere egin zuten, nahiz azkenean lehiaketarik eta saririk ez zen izan. Banaka, binaka, kuadrillan… mozorrotu ziren.













