Bihar hasiko da Goierriko 13. hamabostaldi ekologikoa
'Zure platerean hasten da mundua' dokumentala emango dute 19:00etan Zeraingo kultur etxean. Zeraingo azoka ekologikoa irailaren 18an izango da.
Goierriko 13. hamabostadi ekologikoa bihar hasiko da, Otsotarrak Elkarteak, Goierriko Baratzak eta Biolur elkarteak elkarlanean antolatuta. Gaur aurkeztu dute Zeraingo kultur etxean egitarau osoa. Nekazaritza ekologikoa bultzatzeaz harago, tokiko nekazaritza eredu iraunkorra indartu, tokiko kontsumo eredu osasuntsu eta jasangarria bultzatu eta gai horien inguruan sentsibilizatzea dira aurtengo edizioaren helburuak.
“Ekoizpen eta kontsumo ereduek zuzenean eragiten dute gure inguruan, bertako ekonomian, lurraldean eta osasunean, gizakionean bezala ekosistemenetan” azaldu dute antolatzaileek. Bihar ekingo diote egitarauri. 19:00etatik 20:30era ‘Zure platerean hasten a mundua’ dokumentala emango dute Zeraingo kultur etxean. ON Produkzioak eta Landarlan ingurumen elkarteak burutu dute lana. Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko hausnarketa saioa ere egingo da.
Irailaren 15ean, berriz, Segurako Zopazokan merienda-solasaldia egingo da kontsumoaren eta elikaduraren bueltan, EHKOlektiboa elkarteko eta Madura elikadura elkarteko kideen eskutik. EHKOlektiboak 2021ean egindako ikerketaren emaitzak ezagutzeko aukera izango da. Asteburu horretarako, irailaren 17rako, Olaberriko Etxeberri-Goiko etxaldera bisita antolatu da, 10:00etatik 13:00etara. Etxaldeko kideen lana ezagutu eta produktuak dastatuko dituzte bisitariek. Izena eman behar da aurrez, 635202146 zenbakira deituta.
Egun handia igandean izango da, irailaren 18an. Zeraingo pilotaleku estalian Zeraingo azoka ekologikoa egingo da, 10:00etatik 14:00etara. Eskualdeko agendan errotuta dagoen ekintza da Zeraingo azoka ekologikoa eta dagoeneko 25 urteko langa pasa du. Urtero bezala, Biolur, Zeraingo Udala eta ENEEK-Ekolurrari esker antolatu da eta aurten bi ekintza berezi egongo dira. Batetik, 11:0etan Hariztizabal baserriak eta Landarlan elkarteak antolatuta, haurrentzako gaileta tailerra eta sentsibilizazio saioa egingo da, eta bestetik, 12:00etatik 14:00etara, erakustaldia eta dastaketa Osoa Cooking-en eskutik.
Hamabostaldi ekologikoa amaitzeko, azken ekintza irailaren 22an izango da. Ataungo Herri Antzokian ‘Itsasoiko. Itsasotik sasoikoa’ dokumentala emango dute, 19:00etatik 20:30era, Euskal Herriko arrantzaren, ondarearen eta arrain kontsumoaren inguruko gogoeta bultzatzeko.