Bihar hasiko dira Agorreko Santikutzak, azken urteetako luzeenak
Bihartik igandera arte ospatuko dira, eta hurrengo asteko igandean izango dute jarraipena, ohiko Gorostiagako erromeriarekin. Ekitaldi ugari daude jasota egitarauan, tartean Ilintxaren festa handia.
Legazpiarrak prest daude berriz ere jaietaz gozatzeko. Bihar hasi eta igandera arte ospatuko dira aurten Agorreko Santikutzak edo Santikutz Txiki jaiak, eta hurrengo asteko igandean jarraipena izango dute ohiko Gorostiagako erromeriarekin eta argazki rallyarekin. Bi urteko etenaren ondoren dira bueltan, eta aspaldiko urteetan izan diren jairik luzeenak eta mamitsuenak izango dira. Gainera, egitarauaren barruan, Ilintxa futbol klubaren etziko festa handia ere sartuta dago. Bere sorreraren 75. urteurrena ospatzen ari da, eta herri bazkari batekin amaituko du ospakizuna.
Udalak helarazi die dagoeneko paperezko egitaraua herritarrei. Bertan, musika, dantza, kirola, gastronomia, tradizioa, magia eta beste ikuskizun batzuk daude jasota, batzuk betiko ekitaldiak dira, beste batzuk berriak, Eneko Gutierrez Legazpiko magoaren emanaldia bezala.
Txosna, barrakak, erraldoiak eta Junetorri
Jaietan txosna eta barrakak ere izango dira. Txosna eliza atzealdeko plazan dago instalatuta, eta bihar irekiko ditu ateak Legazpiko Txosna Taldeak kudeatuta. Bertan, ekitaldi batzuk izango dira, tartean, kontzertuak bihar, etzi eta etzidamu gauean.
Ondoan, Sanz enpresa legazpiarraren haurrentzako barrakak daude jarrita.
Haurrek, bestalde, erraldoiez eta buruhandiez gozatzeko aukera ere izango dute, Legazpiko Erraldoi Konpartsak larunbat goizerako antolatutako alardeari esker. Alarde hori eta jai guztiak girotzeko leiho eta balkoietan jartzeko ikurrin berezi bat kaleratu du gainera elkarteak, herriko erraldoi eta buruhandi guztiak irudikatzen duena. Aitxuri jatetxean jarri du salgai 12 euroan. Pakita eta Brunoren errepika txikiak ere salgai ditu, 25 euroan bikotea.
Bestetik, Junetorri autobusak zerbitzu bereziak egingo ditu jai egunetan, goiz eta arratsaldez.
EGITARAUA
Irailak 8, osteguna
18:30. Erraldoi eta buruhandiak.
20:00. Bertsolariak: Alaia Martin eta Unai Iturriaga. Nafarroa Kalean.
21:30. Kantu afaria, Doinua Musika Eskolarekin, Gernika plazan.
23:00. Kontzertua txosnagunean.Irailak 9, ostirala
11:00. Telleriarteko Txirrindulari elkartearekin, haurren bizikleta festa, plazan.
15:00. Ilintxaren 75. urteurreneko herri bazkaria Azokan.
19:00. Alaitasuna Errondailaren emanaldia erdigunean.
20:30. Puro Relajo taldearen saioa, Euskal Herria plazan, Ilintxak sustatuta. 22:30. Kolpez Blai emanaldia Zo-Zongoo taldearekin, erdigunean.
23:30. Kontzertua Txosnagunean.Irailak 10, larunbata
10:30. 10. Duatloi Txikia, Euskal Herria plazan.
11:00. 38. Sukaldari lehiaketa, Azokan. Sari banaketa 14:00etan.
11:30. Erraldoi alardea: Urretxu, Oñati, Ordizia, Añorga, Miranda de Arga, Camarzana de Tera eta Legazpiko konpartsak, Elutxa txarangak eta Ion eta Eneko trikitilariak.
15:30. Andraitzen 3×3 saskibaloi txapelketa, Azokan.
17:30. Atletismoko 21. Milia Hiritarra, Aizkorri kalean. .
18:00. Erraldoi alardea.
18:00. Telleriarteko talogileak, plazan.
18:30. Korostik gonbidatuta, Bartzelonako Esbart Gaudi dantza taldea plazan.
20:00. McJearas Band, erdigunean. M
22:00. Kontzertua: Kristonak eta Kilimak, plazan, Solkie-Gure Esku
dagok sustaturik.
24:00. Kontzertua txosnagunean.Irailak 11, igandea
10:00. Probintzi mailako bola txapelketan, Danantzako herri bolatokian.
12:00. Jokai Euskal Mitolgia jolasak, plazan.
17:30. Eneko Gutierrezen Tilin-Tilin magia ikuskizuna, plazan.
19:00. Legazpi Musika Bandaren kalejira, eta emanaldia plazan.
Irailak 18, igandea
09:00. Argazki Rally Digitala. Batis Goikoetxea Memoriala
09:00. Goiz Deia Txistulari taldearen kalejira
11:00. Meza Gorostiaga mendian eta ondoren, hamaiketakoa eta erromeria txistulariekin.