Giro ederra goizetik Ordiziako Euskal Jaietako Azokan
Lehiaketa ezagunera aurkeztutako gaztak zaldi-gurdian eraman dituzte. Herrigunean giro ederra dago, eta jendea ari da pilatzen kaleetan.
Euskal Jaietako Aparteko Azoka ospatzen ari dira gaur Ordizian. Goizean goizetik, eguraldiak eta giro onak erakarrita, jendetza etorri da Ordiziara, egunerako prestatutako postu bereziak ikusi eta gazta lehiaketa jarraitzeko asmoz. Goizeko 09:15ean, lehiaketan parte hartuko duten gaztak eraman dituzte, zaldi-gurdiz eta musikarien kalejirarekin lagunduta, herrigunetik Beti Alai pilotalekura. Han egingo dute lehiaketa datozen orduetan, eta ordu biak aldera jakingo da lehiaketa nork irabazi duen, eta gazta erdia enkantean nork erosi duen. Bitartean, giro ederra dago Ordiziako kaleetan; ohiko azokako postuez gain, Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako ekoizleen postuak eta artisauenak ikus daitezke. Garagartza plazan ganadu lehiaketa ari dira egiten, eta Barandiaran plazan, fruta eta barazkiena.