Meritua, idazle onak identifikatzea
Lizar Begoña Igartza Literaturako 25. bekaduna da. Xabier Mendigurenen arabera sariketak ospea lortu du hasiberriak ziren idazle "onak" identifikatzen jakin duelako
Igartza Literaturako 25. beka banatuko da gaur arratsaldean, Igartza Jauregian. Idazle hasiberriei bultzada emateko helburuarekin sortu zuen lehiaketa Beasaingo Udalak Elkar argitaletxearen laguntzarekin eta CAF enpresaren babesarekin.
Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko arduradunak azpimarratu du bekadunen zerrenda “ikusgarria” dela. Baina nabarmendu du idazle horiek ez direla handi egin lehaiketa irabazteagatik, alderantziz baizik. “Sariketaren meritua izan da hasiberriak ziren idazle onak identifikatzeko gaitasuna izatea”, esan du. Lehiaketa egonkortuta, beste horrenbeste iruteko opa du. Beasaingo Udaleko eta CAFeko arduradunek ere konpromisoa berretsi dute.