Zaharretik, berriari begira
Lizar Begoña Madariagak jaso du 25. Igartza Literatura Beka, 'Itzalkinak eguzkitan' ideia gauzatzeko. 2024ko udaberrian argitaratuko du eleberria. Hamaika lan aurkeztu dira eta aho batez hautatu dute
25. Igartza Literatura Beka Sopelara (Bizkaia) joan da, Benidormetik (Herrialde Katalanak) barrena. Lizar Begoña Madariagak jaso du 6.000 euroko laguntza Itzalkinak eguzkitan ideia gauzatzeko. Urte eta erdiko epea izango du horretarako.
Eleberria Benidormeko prentsa kiosko batean kokatuko da eta belaunaldi ezberdinetako bi langile izango dira protagonistak. Emakumezkoak, biak: batek 65 urte izango ditu eta bizi osoa darama kioskoan lanean. Are, berak zabaldu zuen establezimendua, turismoaren eztanda bete betean. “Larrituta” bizi da, “egungo mundua ez duelako ulertzen”; besteak 25 urte ditu eta ikasketak utzita lanean hasi berria da. Natibo digitala da. Bien arteko kontrastea paperaren eta pantailaren arteko talkaren metafora izango da. Eleberriaren mamia hau izango da, beste hainbat gai zeharka ere landuko dituela aurreratu duen arren.
Kapituluek pertsonaia batetik bestera pibotatuko dute, aldeak nabarmenagoak egiteko. Lehen pertsonan idatzita egongo dira. Halaber, Begoñak aipatu du hizkuntzarekin jolas egingo duela eta, horretarako, “errespetu falta kontzienteak” egingo dituela. Arauak apurtuko dituela abisatu du. Ironia eta umorea ere nahastuko ditu. Orainaldian idatzita egongo da, nahiz eta atzera begirako jauziak tartekatuko dituen.
Poesiatik, eleberrira
Begoñaren lehen eleberria izango da. Aro Beilegia (Balea zuria) eta Gepardo Japoniarrak (Susa) poesia bildumak argitaratuak ditu, baina nobelarik, ez. “Gogoak nituen horrelako diziplina batean sartzeko. Eleberriak beste erritmo eta neurriak ditu, eta aukera ematen dit bestela landu ezin ditudan gai batzuk jorratzeko”, arrazoitu du. Arte Ederretan graduatua da eta euskara-eskolak ematen ditu lanbidez.
25. Igartza Literatura Bekara hamaika lan aurkeztu dira eta Itzalkinak eguzkitan ideiak aho batez irabazi du. Oihane Amantegi, Irati Jimenez eta Garazi Kamio idazleak izan dira aurtengo epaimahaikideek. Bekaren lehen erdia eta garaikurra arratsaldean jasoko du, 19:00etan, Igartza Jauregian egingo den ekitaldian. Alboan izango ditu Beasaingo Udaleko, Elkar argitaletxeko eta CAF enpresako arduradunak, eurak baitira bekaren zenbatekoa ezartzen dutenak.