Mediterraneoko Atletismo Txapelketan parte hartuko du Nora Tobar ataundarrak gorako jauzian
Dagoeneko Italian dago Tobar, txapelketan parte hartzeko "ilusio handiarekin eta indartsu".
Italiako Pescara hirian jokatuko den Mediterraneoko Atletismo Txapelketan parte hartuko du Nora Tobar atleta ataundarrak, Espainiako elastikoarekin. 23 urtez azpiko kategorian lehiatuko da, ondoen ematen zaion modalitatean, gorako jauzian. Mediterraneoak bustitzen dituen 19 herrialdeetako partaideak izango dira bertan.
Egiten ari den lana, fruituak ematen ari zaizkio. Santanderren jokatu den 23 urtez azpiko Espainiako atletismo txapelketan irabazi berri du, eta ondoren, Nerjan jokatu zen absoluto mailakoan, Espainiako Federazioak jarritako mugarria, 1,82 metroko altuera, zentimetro batean gainditu eta bigarren geratuta, Mediterraneoko Txapelketan parte hartzeko bi baldintzak betetzen ditu atleta ataundarrak.
Igande arratsaldean jokatuko dira gorako jauziko probak eta bere entrenatzaile eta aita den Asier Tobarrek adierazi duenez “ilusio handiarekin eta indartsu aurkitzen da Nora”.
Bigarren aldia du Tobarrek, nazioarteko txapelketa batean Espainiako selekzioarekin. Europako txapelketan parte hartu zuen iaz.