Ordiziako Mendi Maratoirik ez da jokatuko aurten
Urriaren 16an jokatzekoa zen Ordiziako Mendi Maratoia, eta horrekin amaituko zatekeen Goierri Trail Kopa. Erabakiak eragina du egutegian; irailaren 11an, igandean, Idiazabalen jokatuko den Axari Trail lasterketarekin itxiko dute Goierri Trail Kopa.
Aurten ez da Ordiziako mendi maratoirik jokatuko. Hala jakinarazi du probaren antolakuntza taldeak, sare sozialen bidez. Urte hasieran argitaratu zuten egutegiaren arabera, urriaren 16an jokatuko zen Ordiziako Mendi Maratoia, eta horrekin amaituko zatekeen Goierri Trail Kopa. Azken orduetan jakinarazi duten erabakiarekin beraz, igande honetan, irailak 11, Idiazabalen jokatuko den Axari Trail lasterketarekin itxiko dute aurten, Goierri Trail Kopa.
Ordiziako Mendi Maratoiko antolakuntzak emandako argibideen arabera, “lasterketari antolaketa berri bat, ikuspegi berri bat eta giro berri bat” eman nahi diote, eta horretarako, “Txindoki Atletismo Taldearekin elkarlana hasi” dute. Hori “modu egokian errotzeko, 2022 urtean lasterketarik ez antolatzea erabaki” dute, baina, “2023 urterako proiektu berri batekin” bueltatuko dira.